Getxoko Etxerateko kideek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Getxoko udaletxearen aurrean, udal-gobernuak (EAJ-PSE) Diru-laguntzen Plan Estrategikoan presoen sakabanaketari aurre egiteko jasota zeuden laguntzak kentzeko asmoa duela deitoratzeko. Aldi berean, Fadura eta Gobela kiroldegietako kirol-begiraleek ere protesta egin dute, koronabirusaren ondorioz Getxo Kirolak erakundeak kirol-ikastaroen eskaintza murriztu eta 75 pertsona kaleratu egingo dituztela salatzeko. Beharginek deitoratu dutenez, gainera, enpresak esan ei die ezin dituela kalte-ordainak pagatu; "ondorioz, lan barik eta indemnizazio barik geldituko gara. Gainera, ez dugu inolako erantzunik jaso ez Udaletik, ezta Getxo Kirolaketik ere".
HIRUKA Getxo Kirolak erakundeko arduradunakaz harremanetan jarri da, eta, gogoratu digutenez, lanik gabe geldituko diren kirol-begiraleek ABEE (aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente) sistemara jo dezakete: "Estatuak babeserako sistema zehatz hori sortu du". Era berean, azaldu du kirol-ikastaroak berreskuratu ahala langileok lanean hasten hasiko direla berriro ere. Hala ere, langileen ezinegona da kaleratzeak gauzatuz gero enpresan lan egindako antzinatasuna eta eskubideak gal ditzaketela. Hori dela eta, euren kontratuen subrogazioa gauzatzea eskatu dute.