Getxoko osoko bilkura

Bide publikoa okupatzeagatiko terrazen tasa % 50 murriztuko da 2021ean Getxon

Erredakzioa 2020ko ira. 30a, 08:55

Atzo, martitzenean, Getxoko Udalak egindako osoko bilkuran onartu zen baita ere 2020-2023 aldirako diru-laguntzen plan estrategikoa, EAJ, PSE-EE eta PP alderdien babesagaz. Era berean, Romo Kultur Etxeko kafetegiaren ustiapena adjudikatu egin zuten, lau urterako.

Getxoko Udaleko osoko bilkurak, behin-behinean eta aho batez, jabari publikoa okupatzeagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketa onartu du, 2021ean Getxoko bide publikoko terrazek kontzeptu horrengatik ordaintzen duten tasa % 50eko murrizteko. Botoak aldekoak izan diren arren, oposizioko hiru alderdiek (PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) uste dute neurri hori ez dela nahikoa.

Neurri horren helburua da, Ignacio Uriarte Diruzaintzako zinegotziak azaldu duenez, "COVID-19ak ostalaritza-sektorean dituen ondorioak arintzea; Udalaren diru-sarreretan 45.000 euro inguruko murrizketa ekarriko du, eta, jakina, kopuru bera aurreztuko da ostalaritzako sare ekonomikoan". Sektoreagazn eta udal-talde guztiakaz hainbat bilera egin ondoren, eta txosten eta irizpide teknikoak kontuan hartuta, Udal Gobernuak uste du "2021ari begira ostalaritzari laguntzeko zerga-arlotik hartu daitekeen neurririk egokiena" dela. Bestalde, gastu publikoaren eremutik, pandemiak jarduera ekonomikoan aurten ezarri eta konprometitutako ondorio negatiboak indargabetzeagaz lotutako ezohiko neurriak 2.000.000 eurora iritsi dira.

Botoak aldekoak izan diren arren, oposizioko hiru alderdiek (PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) uste dute neurri hori ez dela nahikoa, berandu iritsi dela eta argi erakusten duela Udal Gobernuaren gaitasun eza sektorearen beharrei behar den unean aurre egiteko. Bestalde, gobernu-taldeak esan du proposamen hori ez dela isolatua, "ostalaritzari laguntzeko neurri sorta bat baizik".

RKEko kafetegia

Bestalde, Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) eta PPren aldeko botoakaz, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen abstentzioagaz, Romo Kultur Etxeko kafetegia ustiatzeko zerbitzua adjudikatu da. Enpresa adjudikaziodunak ordaindu beharreko hileko kanona 1.103 eurokoa izango da (BEZik gabe), eta kontratuaren iraupena lau urtekoa izango da (beste lau urterako luzapen posible bakarragaz).

Diru-laguntzen plan estrategikoa

Horrez gainera, ontzat eman dute 2020-2023 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa; EAJ, PSE-EE eta PP alderdien babesagaz, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen kontrako botoakaz. 25 zuzenketa aurkeztu dira: Elkarrekin Podemosen osoko zuzenketa bat eta 12 zuzenketa partzial, eta EH Bilduren beste 12 zuzenketa partzial. Gobernu-taldeak gogoratu du honako hauek direla 17 ildo estrategiko biltzen dituen planaren helburuak: Getxoko erakundeen eta pertsonen partaidetza soziala bultzatzea hainbat arlotan; dirulaguntzen kudeaketa hobetzea eta arrazionalizatzea; eta administrazio-sinplifikazio eta gardentasuna bultzatzea.

Eztabaidan, EH Bilduk kontinuistatzat eta berritasunik eta irudimenik gabekotzat jo du Plana. Kritikatu du ez dituela jasotzen presoen senideei sakabanaketari aurre egiteko ematen zaizkien laguntzak, eta, talde horren ustez, erabaki horrek "EAJk eta PSE-EEk PPrekin jarrerak hurbiltzeko duten asmoari erantzuten dio". Talde horrek, besteak beste, honako proposamen hauek egin ditu: aipaturiko laguntzak sartzea, pobrezia energetikoari ikusgarritasuna emateaz gain, auzoetan asoziazionismoa sustatzeko diru-laguntzak gaitzea, eta kirol-arloko edo artista eta sortzaileentzako diru-laguntzak norgehiagokan egin daitezela eta ez izendunak izan daitezela.

Bestalde, Elkarrekin Podemosek uste du Plana ez dagoela pandemiaren egungo testuingurura egokituta, erakundeek behar gehiago dituztela, eta pertsona asko kanpoan uzten dituela. Talde horren proposamenek "Getxo berdeagoa, hobea eta inklusiboagoa" proposatzen dute eta honako neurri hauek azpimarratu dituzte: besteak beste, ludopatiaren eta eskola-jazarpenaren aurka borrokatzeko laguntzak, indarkeria matxistaren aurkako proiektu estrategikoak eta besteak beste online hezkuntzari aurre egiteko gaitasunik ez duten familientzako laguntza.

Gobernu-taldearen ustez, plan ona da, indarrean dagoen bitartean planteatzen diren erronkakaz bat datorrena, eta egungo egoera ekonomikoan finantzatu daitekeena. Diruzaintzako zinegotziak gogorarazi duenez, kontuan hartuta aurten, gutxi gorabehera, 3.000.000 euro bideratu direla pandemiak gizarte- eta ekonomia-arloetan dituen ondorioak arintzeko diru-laguntza espezifikoetarako, 8.884.336 euroko gutxi gorabeherako zifra bat lortu da ekitaldi honetarako udal-dirulaguntzetan.

PP ere ados agertu da: plan ona da, aurrekoa nabarmen hobetzen duena, eta ez ditu mantentzen presoen senideentzako laguntzak, "zeinek terrorismoaren biktimei irain egiten baitzieten".

San Nikolas plazaren azpiko lurpeko aparkalekua, alokairu sozialean

Mozioen kapituluan, testigantza-izaeragaz, EH Bilduk aurkeztutako bat onartu da; Udalak beharrezko izapideak egin ditzan San Nikolas plazaren azpiko lurpeko aparkalekuan alokairu sozialaren sistema epe laburrean, hilabete edo urtebeterako, ezartzeko. Hala ere, gobernu-taldeak adierazi du lanean ari dela plazak alokairura ateratzeko, Itzubaltzeta/Romoko Gobela kiroldegiko aparkalekuaren antzeko aldi baterako ereduagaz, zozketa bidez esleituta eta itxaron-zerrenda bat sortuta, denborak aurrera egin ahala hutsik geratzen diren plazak betetzeko. Une honetan, ibilgailuak aparkalekura sartzeko sistema eguneratzen ari dira, etorkizuneko funtzionamendu-sistemara egokitzeko.

Gainera, atzoko saioan, Cristina Zamora Chuquiguangak EH Bilduko zinegotzi izateari uko egin diola jakinarazi zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun