PPk, besteak beste, honako neurri hauek eskatu zituen: onurak zaborrak biltzeko tasari dagokionez; Eusko Jaurlaritzaren kalte-ordainaz gain, astean 300 euro ematea bigarren itxialdi honek ukitutako enpresei eta ostalaritzari; eta GetxoBono eta ostalaritzako bonua ezartzea Udalaren % 50eko ekarpenagaz.
Bestalde, EH Bilduk honako neurri hauek proposatu zituen: 500 euro ematea taberna edo jatetxe bat daukan jabe bakoitzari (zenbait baldintzakaz); 200 euroko dirulaguntza ematea aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea duten Getxoko zerbitzariei; 500 euroko laguntza ematea lokalaren alokairua ordaintzeko; etxera janaria eramaten duten establezimenduen iragarkiak argitaratzeko webgune bat zabaltzea; GetxoBono Taberna sortzea; eta zergei nahiz tasei lotutako neurriak ezartzea (% 50eko deskontua OHZn, zergak ordaintzeko luzapena ematea, etab.).
Era berean, Elkarrekin Podemos taldeak ostalaritzarako zuzeneko aparteko laguntzen beste partida bat egitea proposatu zuen, maiatzean aurkeztutakoen antzekoak diren laguntzena; baita zaborren, terrazen eta abarren udal-tasetan hobari gehiago ezartzea baloratzea ere; eta ostalaritza, aisia eta turismoaren sektoreetarako erreskate-partidak sartzea hurrengo udal-aurrekontuetan.
Udal-gobernuak, bere aldetik, gogorarazi du "esfortzu handia" egiten ari dela beste administrazio publiko batzuekaz lankidetzan, eta eguaztenean publiko egin zituen ostalaritzaren aldeko neurriak aurkeztu zizkion oposizioari, “Enpresen Kontsulta Foroan egin diren ostalaritzako mahaietan aurkeztu diren proposamenak aintzat hartzen dituztenak”.
Onetsitako beste mozio batzuk
Testigantza izaeragaz, lau mozio onetsi ziren atzoko udalbatzan. PPren bi mozio onetsi ziren: horietako bat 2020ko Gabonetako kanpainan zehar Manuel Gainza eta San Nikolaseko aparkalekuak irekitzeari buruzkoa da, udalerriko aparkalekua, merkataritza eta ostalaritza mesedetzeko; bestea, berriz, Udalak haurrentzako parkeen mantentze-lanetan jarraipen handiagoa egiteko, garbiketan maiztasuna handitzeko eta aniztasun funtzionala duten haurrentzat egokitutako zabu gehiago jartzeko da. Horren harira, udal-gobernuak ziurtatu du etengabeko mantentze-lanak egin direla, eta aurreratu du hurrengo jarduketak Santa Ana eta Alango plazetako parkeetako lurzoruak nahiz Santa Ana eta Lorenzo Areilzako jolasak berritzea izango direla.
Bestalde, ontzat eman ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko bi zinegotzik Zero Zabor Bizkaia plataformaren izenean aurkeztutako mozioak: lehenengoa, jatorrian materia organikoa hautatzea mesedetzeari buruzkoa eta, horretarako, besteak beste, zerga-neurriak eta fiskalak hartuko dira, edukiontzi marroia erabiltzen dutenei hobariak emateko, eta bidezkoak diren erakundeei eskatu diete hondakin organiko guztia batera biltzeko neurri argiak ezarri ditzaten, gordina/kozinatua bereizketa egin behar ez izateko eta okela zein arraina sartu ahal izateko. Udal-gobernuak zenbait ekintza gogorarazi ditu, hala nola konposta egiteko poltsak eta konpost-zakuak banatzeko doako makinak jarriko direla laster edukiontzi marroia erabiltzen dutenentzat, eta gaiari buruzko etxez etxeko kanpaina bat egingo dela.
Elkarrekin Podemosek aurkeztutako beste mozio bat onartu da, Tokiko Bizikidetza Foroa abian jartzeko, antzeko esperientzia egokia kontuan hartuta, Memoria Historikoaren arloan aurrera egiteko eta justizia eta biktimen erreparazioa lortzeko.