Ia milioi euroko aurrekontu-aldaketaren berri eman du Getxoko gobernu-taldeak gaurko osoko bilkuran

Erredakzioa 2021ko urt. 28a, 14:22
Getxoko Udalbatza aretoa, artxiboko irudian.

Udalbatzak bere ohiko gaurko saioan 2020an egindako aurrekontu aldaketa batzuen berri eman du, gehigarrizko 930.000 eurotik gorako kreditu batez baliatuta. Horien artean daude 500.000 euro Getxoko ostalaritzako esparrura zuzendutako laguntzetarako, pandemiak eragindako krisiari aurre egiten laguntze aldera, eta 105.840 euro Puerto Deportivo el Abra-Getxo S.A. sozietateari zinemen eraikineko 4 eta 5 aretoen azpian dagoen aretoa erabiltzeko eskubidea eskuratzeko. Lokal horretan itsas eremuko berrikuntzako edo enpresa-haztegiko Getxo Itsas Hub kokatuko da.

Aipatutako ostalaritzarako laguntzen harira, Elkarrekin Podemosek mozio bat aurkeztu du, baita onartu ere, Udalak konpromisoa har dezan beharrezko neurriak berehala eta laguntza zuzenak martxan jartzeko; horren haurrean, EH Bilduk eta koalizio moreak hurrengoa adierazi dute: "Udal-gobernua berandu dator, erreakzionatzeko gaitasun txikia du, eta oposizioaren proposamenak errefusatzen ditu. Oraindik ez dira laguntza horiek esleitzen hasi, eta ostalaritza sektorea itxita dago berriro. Laguntzak jasotzen dituztenerako, establezimendu asko itxita egongo dira. Plangintza edo kontingentzia-plan bat izan beharko litzateke, eta berehala ekiteko konpromisoa hartu ".

EAJk eta PSE-EEk, beren aldetik, uste dute ez dela bidezkoa berandu doala esatea, "hasieratik konpromisoa irmoa izan delako eta pandemiak gehien eragiten dien sektoreei arreta etengabe eskaintzen ari baitzaie. Izan ere, aste honetan bertan iragarri dugu sektore ekonomikoari ziurtasuna emango dion sistema bat lantzen ari dela, ezohizko ildo batekin, eta hori baieztatu bezain laster jakinaraziko da". Gobernuak behar handiena duten pertsonentzat, kulturarentzat eta ostalaritzarentzat hartutako neurriak zerrendatu ditu. Besteak beste, 2 milioi euro laguntza ekonomikorako 2020an (1,5 milioi euro jarduera mantentzeko, 1.024 onuradunakaz: 302 saltoki, 472 zerbitzu-enpresa, 13 turismo-zerbitzuetako enpresa eta 237 ostalaritza-establezimendu; beraz, azken sektore horrek 356.858 euro jaso ditu, batez beste 1.505 euro establezimendu bakoitzeko), 415.000 euro aparteko GetxoBonorako (beste urte batzuetan baino 10 aldiz handiagoa); terrazen tasen % 50ko hobaria eta zaborrarena 2. hiruhilekoan; 500.000 euro ostalaritzarako, eskaera egiteko epea irekita baitago; eta ostalaritzako bonu esklusibo bat 2021aren lehen erdialderako 100.000 euroko balioagaz. Horri 250.000 euro gehitzen zaizkio Getxoko kultura-sektorerako.

Azken neurri horiekaz, udal-iturriek zehaztu dutenez, daborduko eginda zein konprometituta daudenak, 4,7 milioi eurotik gorakoak izango lirateke, eta laguntza ekonomikoak, berriz, 2,5 milioitik gorakoak. Horietatik, ostalaritzara zuzenean milioi bat euro baino gehiago bideratuko lirateke 340 establezimendu potentzialetara (3.000 eurotik gora establezimendu bakoitzeko), beste administrazio batzuen laguntzez gain.

Beste mozio batzuk

Mozioen atalean hiru onartu dira. Lehena, PPrena, Aixerrotako errotan dagoen taberna-jatetxea enkantera atera eta esleitzeko tramiteak hasteko eta, horrela, haren hondatzea saihesteko. Álvaro González Kontratazioko, Ondareko eta Etxebizitzako zinegotziak azaldu duenez, nahiz eta kontratua suntsiarazi daitekeen, pleguetan hala adierazten delako hartzekodunen konkurtsoaren pean erortzen denean, eta langileen gehiengoari jarraipena emateko, esleipendunagaz adostu da konkurtso-legeak ematen duen gehienezko epea agortzea, kontratua suntsiarazi aurretik egungo emakidaz arduratuko den sozietate berri bat bilatzeko. Nolanahi ere, sozietate emakidadun berriari, interesdunen bat izanez gero, egokitutako Merkataritza Epaitegiak ezartzen duen ebazpen gisa Udalak aplikatu beharreko legerian ezarritakoa eskatuko zaio, hau da, bere betebehar eta eskubide guztietan dagoen kontratuari subrogatzea. Beraz, “Udal gisa, ebazteko dauden prozedura administratibo eta judizialak errespetatzea besterik ez zaigu geratzen, eta, azkenean emakida suntsiarazi behar bada, eraikina babestu, zaindu eta mantentzeko ardura hartu eta beste emakida bat esleitzeko prozedura berriari ekitea”, esan du Gonzalezek.

EH Bilduren mozio bat ere onartu da, udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) transakzio-zuzenketagaz, Getxoko etxebizitza turistikoen erregulazioan aurrera egiteko. Horrela, arauketa-proposamen bat aztertu eta egingo da, etxebizitzarako eskubidea, bizilagunen eskubideak eta jarduera ekonomikoa gauzatzeko eskubidea bateratuko dituena. Getxo etxebizitza turistiko erraldoia bilakatu ez dadin, onartutako testuak honakoa dio: "Administrazio publikoek dauzkaten tresnak, araudiak… erabiliko dituzte beste udalerri batzuetan garatutako neurriak aztertzeko eta Getxoko errealitatera egokitzeko. Gainera, udalerriko gune historikoa den Portu Zaharraren bizitza bermatze aldera, mekanismoak aurreikusiko dira aipatutako jarduera ekonomikoak auzoa ito ez dezan".

Koalizio abertzalearen beste mozio bat ere onartu da: San Martin eraikinak epe labur edo ertainean izan ditzakeen jarduerak aztertzeko eta epe ertainera beharrezko egokitze- eta birgaitze-lanak egiteko.

Herritarren mozioak

Herritarrek mozioak aurkezteko aukera ematen denetik lehen aldiz, hau da, legegintzaldi honetatik aurrera, proposamena sinatu duten 812 pertsonen izenean udal-liburutegiak eta eremu publikoak ikasteko irekitzea eskatu dute. Mozioa, baina, ez da onartu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun