Udalbatzak behin betiko onartu du HAPOan sei aldaketa puntuak egitea. Horiek, azaldu dutenaren arabera, honako hau ahalbidetuko dute: eraikinak ordezteko proiektuen administrazio izapidetzea arintzea, proiektu horietarako ez baitira behar izango xehetasun azterketak (horrek ez du esan nahi kultur babeseko kontrolak urrituko direnik); estalpeko espazioen eta beheko solairuen egokitzapena erraztea etxebizitza erabileretarako; ostatu eraikinetan sestra azpiko espazioen aprobetxamendua hobetzea, betiere segurtasun eta irisgarritasun araudiak betez; kirol ekipamenduetako kantxak estaltzea ahalbidetzea eguraldi txarra dagoenean, eta etxebizitzetako esekitokiak modu antolatuan jartzea ahalbidetzea, horretarako ikus-onetsitako proiekturik behar izan gabe.
PPk aldeko botoa eman du; izan ere, “berandu datorren arren, izapideak erraztuko ditu eta, batez ere, Areetako Golf Zaharreko lokalak mugitzeko aukera emango du, etxebizitza bihurtzeko aukera dago eta". EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkako botoa eman dute, “aldaketa hauetako batzuekin ados egon arren, HAPOren berrikusketa modu integralean gauzatzearen alde gaude, osotasunean eta behin betiko, eta ez aldaketa puntualen bidez, horiek adabakiak baino ez dira eta”.
Mozioak
Mozioen atalean, eta testigantza izaeragaz, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako bi mozio onartu dira. Lehenengoa, Udalak udal informazio-dokumentuak hizkuntza argiaren eta irakurketa errazaren irizpideen bidez berrikusi, egokitu eta sortu ditzan; gaur egungo testu instituzionalak aurrez aipatutako irizpideakaz idatzitakoakaz pixkanaka ordezteko plan bat ezar dezan; testu horiek zabaldu eta udal-komunikabideak, informazio publikoa eta webgunea aipatutako irizpideen arabera egituratu ditzan. Hori guztia urtetan lantzen ari da, udal-gobernuaren arabera.
Bigarren mozioan, Irisgarritasun Mapa egitea proposatu da, udalerriko irisgarritasun beharrizan eta puntu guztiak aztertuz aniztasun funtzionala duten pertsonen kolektiboakaz batera, lehentasunak eta beharrizanak ezarriz. Ildo horretatik, gobernu-taldeak azpimarratu du Udalak konpromisoa eta borondatea duela hiri irisgarria lortzetik haratago joateko, eta pertsona guztien eskura dauden inguruneak, ibilbideak eta zerbitzuak izango dituen hiria sortzeko, eta jarduera-eremu guztietan (hirigintza, garraioa, komunikazioa, aisialdia…).