San Nikolas ikastolak antolatuko du 2024ko Ibilaldia

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 17a, 09:55

Hirugarren aldia izango da San Nikolas ikastolak Ibilaldia antolatzen duena. © SAN NIKOLAS IKASTOLA

Hiru urte barru, 2024an, Getxon ospatuko da Ibilaldia jaialdia, San Nikolas ikastolak antolatuta. Hala jakinarazi du gaur Algortako erdigunean dagoen ikastetxeak. Edizio hori ez da San Nikolasek antolatzen duen lehenengo Ibilaldia izango; izan ere, 80ko hamarkadan, Uribe Kostako ikastolakaz batera, horren kudeaketan aritu zen, eta 2002an ere bigarrenez antolatu zuen.

San Nikolas Ikastolak, euskal kultura eta euskararekiko duen konpromiso sendoa bermatzen jarraitzeko helburuagaz, Ibilaldiaren edizio bat antolatzeko plana aurkeztu zuen joan den ikasturtean. Ikastolen Elkarteko eta Bizkaiko Ikastoletako ordezkariek, jaso zituzten hautagaitzak aztertu ondoren, pasadan urtarrilean Ibilaldiaren 46. edizioa San Nikolas Ikastolari esleitu zioten.

Ikastetxeko arduradunek jakinarazi dutenez, 2024an izango den edizioaren bitartez, San Nikolas ikastolak zenbait helburu lortu gura ditu, hala nola "Ibilaldia kostaldeko lurralde erakargarri honen bidez bultzatzea". Diotenez, Getxo ondo komunikatuta dagoen herrialdea da, oso ezaguna eta jende multzo handiak biltzeko eremu zabalak dituena. Hala, jaialdiaren ibilbidea eta bere guneak oraindino moldagarriak badira ere, 2002an izan zuen arrakasta kontutan hartuta, datorren ediziorako guneak honako hauek izan daitezkeela aurreikusi dute: San Nikolas ikastola bera, Algorta erdiguneko Telletxe plaza, Ereagako hondartza, Portu Zaharra, Arrigunagako hondartza, Getxoko Andra Mari eta San Nikolas enparantza.

San Nikolas ikastolak aurkeztutako proiektuan adin guztietako pertsonentzako ekintzak daude barneratuta: "Ikastolak euskal kultura bultzatzeko duen nahiarekin bat eginez, txistulariak, bertsolaritza ikuskizunak, euskal musika-taldeen kontzertuak, kirol tradizionalen erakusketak… izango ditugu bertan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun