Ibilaldia 2021

Ibilaldia: ''Kala kalata!''

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 12a, 12:44

Datorren maiatzaren 30ean egingo dute Ibilaldia Uribe Kostan, Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolek elkarlanean antolatuta. Bizkaiko ikastolen aldeko aurtengo jaialdiaren kanta eta bideoklipa aurkeztu dute gaur goizean Bilbon egindako prentsaurrekoan. Xabi Aburruzagak musika eta Xabi Payak hitzak jarri dizkiote Sopelan ospatuko den festa horri.

Gaur goizean Bilbon egindako prentsaurrekoan antolatzaileek gogoan izan dute Ibilaldia bezalako ekimenak prestatzen eta lantzen hasteko garairik aproposenak ez direla, pandemia bete-betean gaudelako. Hala ere, uste dute orain "inoiz baino beharrezkoagoa" dela mota horretako jaialdiak bere-bereak dituen baloreak azalaraztea eta ekarpen berriak gizarteratzea. Kontuak horrela, maiatzaren 30ean, Ibilaldia egingo dute Sopelan, aurtengo ikasturtean Uribe Kostan eta Leioan egiten ari diren ekimenei amaiera emateko.

Betiko eta Ander Deuna ikastetxe bientzat, Ibilaldia antolatzen duten hirugarren aldia izango da. Elkarregaz egin zuten 2004ko hartaz gainera, Betikok 1997an ere antolatu zuen jaia, eta Ander Deunak, berriz, 1990ean.

Kala kalata! lemapean

Lan-saio biren ondoren, askoren arteko ideiak partekatu eta proposamenak eginda, "Kala kalata!" leloa aukeratu dute aurtengo Ibilaldiarentzat. "Berba horrekin hezur-mamiraino heltzen den bustitzea adierazten da, barru-barruraino hartzen duena, batzuetan deseroso ere sentiarazten gaituena", azaldu dute antolatzaileek. Horrez gainera, konpromisoa adierazi gura izan dute berba horregaz.

Logoari dagokionez, azaldu dute "guztiz blai jauzi egiten dabilen giza irudia" aukeratu dutela. "Pozez jauzi egiten duena, beharbada, ur sakonetan murgildu gura duena akaso... Baina, edozelan ere, ekimena eta bizitasuna adierazi gura duen irudia".

Kanta eta bideoklipa

Ibilaldiaren nondik norakoen zehaztapen batzuk eman ondoren, antolatzaileek aurtengo kantaren eta bideokliparen berri eman dute. Xabi Payak osatu du abestiaren letra, eta, azaldu dutenez, "inor baino hobeto jakin du berba gutxitan leloarekin adierazi nahi dena; hots, bidai honetan, goitik behera eta hezur-mamiraino, busti beharra dagoela euskara ezagutu eta ikasteko, euskaraz mintzatzeko, erabiltzeko eta bizitzen ikasteko".

Bideoklipari dagokionez, ikastola bietako komunitatearen laguntza izan dute hori osatzeko; parte-hartzea, ideien ekarpenak... "Gure eskerrik beroena bideoa gauzatzea ahalbidetu duten lagun guztiei", adierazi dute antolatzaileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun