Joan den martxoaren 8tik ibili zarete Dantzertiko ikasleakaz egoitza artistikoa egiten Muxikebarrin. Zer eskaini dizue Getxoko antzoki horrek ikasketa-lan horiek egiteko?
Egindakoari seriotasuna ematen dio. Aretoan, agertokian, lan egin ahal izatea oso onuragarria da aktoreentzako, bertako akustika eta espazioa ezagutzeko aukera ematen duelako. Alde horretatik, nik uste dut oso aukera ona izan dela.
Zuzenekoetan gerta daitezkeen arazoei aurrea hartzeko baliagarria izan zaizue, beraz...
Bai, horiek aurreikusita ditugu jada, eta soluzioa jarrita.
Baina, hori ez da beti gertatzen egunerokotasunean...
Ez, noski! Ikasleek Barakaldon dute eskola, eta hona –Muxikebarri– etorri arte ez genuen agertoki bat zapaltzerik izan; eskolan ez dute halakorik. Ni urtarrilean hasi nintzen eurekin bizpahiru egunetan elkartzen dena prestatzeko, eta ez genuen ezer. Eszenografia orain arte ezin izan dugu probatu. Hortaz, egoitza-artistiko hau positiboa izan da horrelako kontuak probatu ahal izateko: akustika, eszenografia, jantziak... Bi astetan baliabide guztiekin aritu ahal izatea oso mesedegarria izan zaigu.
"Ordu eta erdiko saioa da, eta bide horretan, hausnarketak amaituta, normaltasuna bueltatuko da taula gainera, eta 11 pertsona ikusiko ditugu bertan, non dauden edo zer bidegurutzetan dauden ikusita"
Zer ikusi ahalko dugu ikusleok Uda gau bateko bidegurutzea ikuskizun horretan?
Proiektuan bertan parte hartu duten aktoreen benetako esperientzietan oinarrituta dago lana. Ikuskizunaren istorioa karrera amaierako emanaldiaren ondoren hasten da; txaloak jasotzen hasten direnean, une horretatik aurrera, bat-batean, denbora eten egingo da. Sorginduta bezala geldituko dira, mugitu ezinik. Ahots batek esango die hortik irteteko modu bakarra dela bakoitzaren etorkizunari begiratzea; arte dramatikoko ikasle izatetik esparru profesionalera salto egitearen inguruan hausnartzea. Modu horretan, ikasleek euren bidegurutze pertsonalez jabetuko dira; bakoitzaren beldurrak, ilusioak, desioak, ziurgabetasunak eta ametsak ikusiko ditugu, eta horren inguruan arituko dira denbora guztian.
Ordu eta erdiko saioa da, eta bide horretan, hausnarketak amaituta, normaltasuna bueltatuko da taula gainera. Horrela, 11 pertsona ikusiko ditugu bertan, non dauden edo zer bidegurutzetan dauden ikusita.
Beraz, ikasleek euren biluzte bat egingo dute aktore profesional bilakatu aurretik.
Bai, hori da. Eta lana horrela egin dute. Patxo Telleriarekin gidoia egiten hasi zirenean, inprobisazioa landu zuten. Horrela imajinatu zuten bakoitzak nondik jo zezakeen. Norberak bere barruko alea jarri du. Beraietaz hitz egiten dute, eta, horri esker, oso gertukoa sentitzen dutenez egoera, hori oso mesedegarria izan dela uste dut.
Antzerkia euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko duzue. Zaila izan da hizkuntza bietan egitea horrelako lan bat?
Bai, hizkuntza biak nahasten ditugu; batzuek euskaraz egiten dute, eta besteek gaztelaniaz. Askotan kalean gertatzen den bezala. Horregatik erabaki zen ikuskizun bakarra egitea hizkuntza bietan.
Ohituta zaude ikasleak zuzentzera?
Ez, egia esanda ez. Antzeko gauza bat egin nuen aspaldi Donostiako eskolan, baina, hori kenduta, lehenengo aldia da hau. Eta polita izan da. Ilusio handia nabaritu dut ikasleen partetik. Irakasleak oso gainean egon dira, eurak laguntzen, eta oso lagungarria izan da hori ere. Izan ere, ikasleok klasean jarraitzen dute oraindik ere, eta hiru hilabete egon dira –urtarriletik– antzezkizun hau prestatzen.
Karrerako azkenengo urteko ikasleak diren heinean, taldea osatuta dute, eta talde izaera nabarmena izan da. Beraien artean harreman polita dute, eta halaxe funtzionatu dute. 11 pertsona dira, 11 aktore, lan egiteko gogotsu daudenak. Oso eroso egin dut lan eurekin.
Atzo, martitzenean, antzezkizunaren aurkezpena egiteaz gainera, lehenengo emanaldia egin zuten prentsaren aurrean. Hona hemen saio horrek utzitako hainbat irudi:
Saioak:
Uda gau bateko bidegurutzea datozen egunetan antzeztuko da Muxikebarrin, bost emanalditan. Martxoaren 24an eta 25ean saio profesionalak egingo dira, kultur sektoreko profesionalei eta eragileei zuzenduta. Hilaren 26an emanaldi instituzionala egingo da eta, azkenik, martxoaren 27an eta 28an publikoari irekitako emanaldiak izango dira. Gonbidapenak informazio bulegoan, Muxikebarriko leihatilan eta Romo Kultur Etxean jaso daitezke. Funtzio guztiak 18:00etan egingo dira, 27koa izan ezik, orduan 17:30ean izango baita.