Elkarrizketak

"ALBEk bertsogintzari plazak ekarri dizkio batez ere"

Hodei Torres · Ander Zarraga 2021ko mar. 26a, 09:41

Duela 40 urte sortu zen Algortako Bertsolari Eskola, 1980an, euskara eta euskal kultura bitsa bezala hazten ari zen garaian, hain zuzen ere. Ordutik, hainbat izan dira bertatik atera diren bertsolariak eta plazak. Gaur egun, eskualdean ez ezik, Bizkaian erreferentea bilakatu da ALBE, eta lau hamarkada horietan eskola eta bertsolaritza nola aldatu diren jakiteko Paule Loizaga eta Josu Landeta bertsolariak batu ditugu.

 ALBEren 40 urteurrena izan zen iaz, nolakoak izan dira ospakizunak?

Josu Landeta: 2020ko lehen hilabeteetan nahiko martxa normalean hasi ginen, harik eta martxoan sartu eta etxeratze-agindua etorri zen arte. Momentu horretan, ekintzak eta ekitaldiak berrasmatu behar izan genituen, batez ere, momentu horretarako erronka bat planteatuta genuelako: 40. urteurrena ospatzeko 40 saio, eta beste hainbat ekitaldi egiteko asmoa genuen. Baina, horrelako etxeratze-agindua etorri zenean, zenbat iraungo zuen eta nola eragingo zuen jakin gabe, dena berrasmatu egin behar izan genuen. Denboraren poderioz, saioak egin egin dira, askoz ere modu apalagoan, baina ez gara geldirik egon. Jendea erakarri dugu; beste leku batzuetan egin behar izan dugu, plaza zabalean barik, antzokietan eta leku itxietan; eta neurriak hartuta. Baina, behintzat, ikusita nolako dinamika egon den talde herrikoietan, uste dut eskolak urtea salbatu duela.

Aurten, 2021ean, ekitaldi berezirik egitea pentsatu duzue?

Paule Loizaga: Momentuz ez. Bageneukan asmoa aurreko urtean ekitaldi berezi bat egiteko, baina, urteurrena oso baldintzatua izaten ari denez, etengabeko inprobisazio-behar bategaz gabiltza. Oraingoz ez dugu horrelako ekitaldi berezirik aurreikusi, baina ez dugu baztertzen ere. Ikusiko dugu nola doazen gauzak hemendik aurrera, eta aurretik geneuzkan asmo horiek badauzkagu mahai-gainean behintzat.

Nola eragin dio pandemiak plazari?

J.L.: Esango nuke modu kuantitatiboan asko eragin duela: leku askoz ere gutxiago izan ditugu eta saio kopuruak ere behera egin du. Orokorrean, Euskal Herri mailan izugarria izan da egon den beherakada. Hemen, Uribe Kostan eta inguruan, egia da saio gehienak egin ditugula; Bertso Saio Mundiala egin dugu, baina bestelako ezaugarri batzuk izan ditu: publiko kopuru txikiagoa, adibidez. Eta Portu Zaharrean egiten zen Balkoitik Balkoira saioa lokal batean egin behar izan dugu, petit comitean. Esango nuke sentsazio gazi-geza dudala.

P.L.: Formatuaz gain, logistikoki bertso-saioak nola planteatu ere pentsatu behar izan dugu: bertsolariak maskara jarri, kendu, mikrofonoak etengabe garbitu… Kontu handiz ibili behar izan gara etengabe protokoloak betetzeko eta kultura gune benetan segurua dela bermatzeko.

Zein da ALBEk egiten duen lana?

P.L.: Egia da jende askok izenagatik Algortagaz lotzen duela, baina hasieratik helburua bertsolaritza eskualde osora zabaltzea zela esango nuke. Eskualde osoa bertsolaritzaz elikatzea, jendea bertsozaletzea, eremu euskaldun bat eskaintzea eta kulturari leku bat egitea da helburua.

Bilakaera "Hasieran fenomeno txikia zen. Nolabait, lau katu besterik ez ginen; herri txikietan eta mugitzen zen bertsolaritza, eta orduan egin zuen salto hirietara"

Nolakoak izan dira ALBEren 40 urte horiek?

J.L.: Ni hasi nintzenean, bertsolaritza bestelako esparru bat zen niretzeko; ez zen guk egin genezakeen zerbait. Gainera, ni erdi euskaldun-berria naizenez, bertsolaritza niretzako erudituen lekura sartzea bezalako zen. Urteak pasa ahala, gustatu egin zitzaidan, eta ni irakasle nintzen AEK Lauaxeta euskaltegiagaz nuen harremana estua zenez, ibilbide hori ikusi nuen. Harreman horretatik sortu zen harrobia, ikasle edo partaideak euskaltegitik bertso-eskolara sartzen zirelako, eta eus-kalduntzen zebiltzatenak ere saioetara joaten ziren. Orduan, 40 urte horietan bilakaera bat ezagutu dut, bai kuantitatiboa eta baita kualitatiboa ere.

Kuantitatiboari dagokionez, Fredi Paiak behin bertso baten deskribatu zuenez: "lau bizardun zororen kontua izan zen bertsolaritza". Baina denboragaz hasi ginen sartzen eskola eta ikastoletan, umeen erakartze hori eginez eta bertsozaletasuna pizten. Halako batean, ume horiek nerabe egin ziren, eta eskolara etortzen hasi ziren; hemengo giroak erakarrita. Kualitatiboki, hasieran, fenomeno txikia zen; nolabait lau katu besterik ez ginen; herri txikietan eta mugitzen zen bertsolaritza, eta orduan egin zuen salto hirietara. Ikuspegi edo imajinario hori hiritarragoa egin zen, eta genero aldetik ere aldaketa eman zen emakumeak sartzean; hasiera batean, zale moduan, eta, gero, plazetan ere ikusi ditugu. Harrez gero, bertso-esparru aberatsa daukagu orain, adin guztietako jendeagaz,
umeetatik hasita heldu nagusietara.

Belaunaldi berriak "Eskola eta ikastolatik jaso dute bertsolaritza, eta bertso-eskolara datozenean gu gure garaian geundena baino askoz jantziago datoz orain"

Nola ikusten dituzue belaunaldi berriak; nola aldatu dira bertsolariak?

J.L.: Hasteko, eskola eta ikastolatik jaso dute bertsolaritza, eta bertso-eskolara datozenean gu gure garaian geundena baino askoz jantziago datoz orain. 15-16 urtegaz nahiko jakinda datoz; ni, esate baterako, 22-23 urtegaz sartu nintzen, eta adin horregaz zerotik hasita, ondo-ondo bertsotan egitea zer zen jakin barik. Bertsolari batzuk ezagutzen genituen, baina ez geunden sartuta giro horretan. Gazte horiek 23 urte dituztenerako mila buelta ematen dizkiote plazari. Apur bat itsumustuan egiten joan gara, baina beste erritmo batean, eta beste testuinguru desberdin bat izan da gurea. Gu herri erdaldun batean bizi izan gara, eta herri erdaldunetan gure belaunaldiko errealitatea izan da gaztelaniaz ikasi duenarena, salbuespenak salbuespen, eta euskal-munduan militantziagatik sartu ginen. Orain, gazteek bere militantzia eta afizioa badute, baina eskolatik lanketa eginda dakarte; beste oinarri bategaz datoz.

Bertsolaritza bera asko aldatu da zu hasi zinen egun haietatik?

J.L.: Asko aldatu da, bai. Adinaren batez besteko aldetik, adibidez, 80ko hamarkadan bertsolari gazteak bazeuden, baina, orokorrean, adina altutxoagoa zen. Akorduan daukat, eskolan sartu nintzenean, hemen ikusi genuen lehenengo saioan Getxo Antzokira etorri zirela Joxe Agirre, Azpilaga eta Mañukorta. Horietako batzuk hil dira, eta beste batzuk bizirik jarraitzen dute, baina nagusiak dira. Orain, saio bat egiterakoan, genero aldetik neska-mutilen arteko oreka dago, eta adinaren batez bestekoa hogei edo hogeita hamar urteko da. Akorduan daukat saio harez geroztik hasi zela bertsolari gazteen labekada bat ateratzen; eskolan ibilitakoak ziren: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia…

Bertsolaritzan ere gizon eta emakumeen artean parekotasuna lortzen joan da, beraz?


P.L.: Nik uste dut gizarteko beste esparru  gehienetan bezala, genero ikuspegia gero eta gehiago ari dela lantzen, eta bertsolaritza ere bere horretan dabilela. Ezin dugu ahaztu bertsolaritzaren historian emakumeak ere egon direla, baina orain dagoen ikusgarritasuna eta lehen zegoena ez da batere antzekoa. Lanketa ari da egiten emakume horiei ikusgarritasuna emateko, eta merezi dutenen izena argitara emateko. Orain, ikusi besterik ez dago plazetan emakume ugari dagoela kantuan, eta nesken harrobi handi bat dago eskolan. Hori seinale ona da, baina lantzeko asko dago oraindik. Beraz, aldaketa egon da, baina lanketa ere dago egiteko oraindik.

Parekidetasun hori modu naturalean ere eman dela esango zenukete?

P.L.: Bertsolaritzan sartzeko orduan adin-txikiko umeetan ez dago hori landu beharrik, kopuru oso berdinetan dabiltzalako, eta esango nuke bertsotan emakume gehiago hasi ohi direla gizonezkoak baino. Bestalde, emakumeoi beti ukatu zaigu espazio publikoa, eta horrek bertsolaritzan ere eragina izan du. Beraz, uste dut hor ere lanketa dagoela: espazio berdina merezi dugula, hain zuzen ere.

Emakumeen presentzia "Emakumeoi beti ukatu zaigu espazio publikoa, eta horrek bertsolaritzan ere eragina izan du. Beraz uste dut hor ere lanketa dagoela: espazio bera merezi dugula"

Atzetik datozen belaunaldiak nola ikusten dituzue, erreferentzia moduan dituzue?

P.L.: Bai, noski. Hor transmisio bat egon da, Josu, edo Joseba Santxo edo Iriondotarrak, eta hasierako urte horietan ibili diren  pertsona horiek guztiek beti transmititu izan digute bertso-eskolaren esentzia hori, eta, zentsu horretan, noski erreferenteak izan direla. Orain, guri dagokigu hurrengo belaunaldiei hori guztia pasatzea.

Zein ekarpen egin dio ALBEk bertsolaritzari?

P.L.: Nik esango nuke ALBEk bertsogintzari batez ere plazak ekarri dizkiola, eta, zentsu horretan, bertsolaritza bere formatu guztietan sustatu duela. Era berean, esango nuke berritzailea izan dela, eta bidean erreferenteak diren plaza gogoangarri asko utzi dituela.

J.L.: Gogoan izan dezagun gu hasi ginenean hemengo bertsozaletasuna oso txikia zela, eskolan lau katu besterik ez geundela eta hori zabaltzen joan dela. Esango nuke, gaur egun, herrian ez ezik, inguru osoan garela euskal kulturaren erreferente bat. Ikusi besterik ez da egin behar urteotan egon den jende eta plaza emaria.

Nolakoa izango da ALBEren 50. urteurrena?

J.L.: Uste dut eskola hazten jarraituko dela, belaunaldi berriak badatozelako. Xenpelarren bertsoak dioen moduan: "Naiz hanka bana hautsi, jaioko dira berriak". Dena dela, beti jarraitu behar da gauza berriak asmatzen, eta uste dut gazteek aukera asko dituztela dinamika berriak sortzeko.

P.L.: Uste dut guri ere badagokigula helduen lekukoa hartzea bertso-eskolaren ibilbideari jarraipena emateko. Esango nuke, gainera, orain arteko ibilbidea erabat goranzko joera izan duela, eta, esan beharrik ez dago, hori mantentzen saiatuko garela. Azpimarratuko nuke ertso-eskolaren ezaugarrietako bat aniztasuna dela, eta, hortik abiatuta, ibilbide oparoa etorriko dela uste dut.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun