Getxo Ekinez 2021 programaren bidez COVID-19aren ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko 2,1 milioiko kreditua aho batez onartu da

Erredakzioa 2021ko mar. 26a, 11:00

Getxoko Udalbatzak aho batez onartu zuen atzoko osoko bilkuran Getxo Ekinez 2021 programaren zati bat finantzatzeko 2,1 milioi euroko kreditu gehigarria; kopuru hori diruzaintzako gerakinetik aterako dute. Onetsitako kreditua honako ekintza hauetara bideratuko da: ekonomiaren sustapena, gizarte integrazioa (Gurutze Gorriarentzat, Karitateko Alabentzat, Sortarazirentzat, Cáritasentzat eta Elikagaien Bankuarentzat), gizarte zerbitzuak, turismoaren sustapena eta informazioa; kulturartekotasuna eta immigrazioa; eta gazteei bideratutako sariak eta bekak.

COVID-19aren ondorioei epe labur eta ertain-luzean aurre egiteko finantzazioaren kreditu gehigarria onartzeaz gainera, oniritzia eman zaie 1,5 milioi euro inguruko beste kreditu gehigarri batzuei. Besteak beste, Getxo Kirolak-en hainbat inbertsiotara bideratutako aurrekontua areagotzeko 671.455 euro jarri dira aurten abiatu ahal izateko herritarrek parte hartzeko Thinking Fadura programatik eratorritako ekintzak: estalitako atletismoko zuzena (134.000 euro), errugbiko eta atletismoko harmailen proiektua (114.000 euro). Horrez gain, Fadura, Gobela eta Andra Mari kiroldegietan beste jarduketa batzuk ere egingo dira, 139.632 eurogaz. Hainbat azpiegituratarako 589.447 euro ere erabiliko dira; esate baterako, Miramar kalearen urbanizazioa (300.000 euro), San Inazioko komunak ezarri eta hobetzea (48.000 euro), eta bide publikoko beste jarduketa batzuk, estolderiakoak, argiztapenekoak... Horrez gain, 48.000 euro bideratuko dira herritarren artean euskararen erabilera areagotzeko –Euskaraldia 2021/22–.

Eztabaidan zehar, PPk honako hau adierazi zuen atzo: “Getxon badaude kirol arloko beste lehentasun batzuk, Thinking Fadura prozesuarekin erabakitzen ez direnak eta herritarrak ordezkatzen dituzten alderdien bermea dutenak”. Bestalde, EH Bilduk salatu zuen "koherentzia falta" egon dela aurrekontuak idaztean, "eta orain % 7 baino gehiago aldatu izana, Getxo Kirolaken kasuan”. Elkarrekin Podemosek, aldiz, “Getxo Kirolakerako etengabeko finantzaketaren jarioa” deitoratu zuen: “Nolabait, inprobisatuz jarduten da, eta ez dago epe labur-ertainerako aurreikuspenik”.

Edonola ere, udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) azpimarratu du partidak parte hartze izaerako Thinking Fadura "prozedura bizian" planifikatuta daudela. Horren bidez, aurreikusita dago aurten lizitaziora ateratzea garagardotegi zaharraren berreraikuntza, kirol kluben zentro sozial gisa eta kirol berrikuntzagaz lotutako ekimenetarako ekintzailetza-zentro gisa. Bestalde, frontoien eraikinaren egitura indartzeko proiektuaren idazketa adjudikatu da. Horrek ahalbidetuko du erabilerak berritu eta beste kirol diziplina batzuetara hedatzea. Diziplina horiek sortu dira neskatoak eta emakumeak masiboki hasi direlako jarduera fisikoagaz eta kirolagaz lotutako praktikan. “Gaur proposatutako finantzaketak aurrera egiten du lortu nahi dugun kirol parke irekia izateko ibili beharreko bide horretan. Bada, zerbitzuak, instalazioak eta gobernantza ereduak berritu bitartean instalazio egokiak, seguruak eta erosoak eskaintzen jarraitu behar du”.

2020ko aurrekontu orokorraren likidazioa

Pandemiak eta horren ondorio sozial eta ekonomikoek markatutako 2020. urtean gutxitu egin zen diru-bilketa. Horrenbestez, diru-sarrera errealek ez zituzten bete diru-sarreren hasierako aurreikuspenak, udal-iturriek azaldu dutenez. Denera, 5.842.691euro gutxiago sartu ziren, batez ere beste administrazio publiko batzetatik jasotako zenbatekoa gutxitu izanaren ondorioz (4,5 milioi gutxiago). Hori Udalkutxaren beherakadak eragin zuen bereziki, baina udal-tasak (3,7 milioi euro) ez kobratzeak ere bai, Getxo Kirolak-en kasuan, esaterako. “Hala ere, kudeaketa propioko zergen bilketatik eratorritako diru-sarrerak hasieran aurreikusi baino hobeto joan ziren. Diru-bilketaren kudeaketan ezarritako hobekuntzen emaitza ona eta udal zerga ikuskaritza zerbitzuaren emaitza onak nabarmendu behar dira”, adierazi zuen Ogasuneko zinegotzi Ignacio Uriartek.

Gastuei dagokienez, 5 milioi euro inguru pandemiaren ondoriozko aparteko ekintza espezifikoetara bideratu ziren, aurrekontu arruntean daborduko jasotako horiei gehituta. “COVID-19ari lotutako igoerekin ere, lortu genuen kanpoko kontratazioetako gastua 1.769.436 eurotan murriztea 2019koarekin alderatuta. Eta, zailtasunak zailtasun, 9.595.339,64 euroko inbertsioak gauzatu ahal izan ditugu, Algortako Manuel Gaintza aparkaleku berria kasu”, azpimarratu zuen Uriartek.

Mozioak

M8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako adierazpen instituzionalaren berri emateaz gain, mozioen atalean, lekukotza izaeragaz, lau onartu ziren. Lehenengoa, PPk aurkeztua eta udal-gobernuak transakzionatuta, Getxoko lekurik jendetsuenetan hautsontziak jartzeari buruzkoa izan zen. Ildo horretatik, jakinarazi da aurten hautsontzidun 125 zakarrontzi jartzea aurreikusten dela, eta hurrengo ekitaldirako beste 125 aurreikusi direla. Bigarrena ere PPk proposatu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzeko Bizkaibusi zerbitzua ematen dioten autobus geltokietan markesinak jartzeko.

Horrez gain, EH Bilduk proposatutako mozio bat onartu zen, Udalak elikagaiak alferrik galtzearen aurkako manifestuari atxikitzeko, eta osoko bilkurari bi hilabeteko epean elikagaiak xahutzearen aurkako premiazko lehen neurriak eta lau hilabeteko epean hiru urterako plangintza aurkezteko.

Azkenik, Elkarrekin Podemosetik abiatutako mozio bat aurrera atera zen, gobernu-taldeak transakzionatu duena, Udala behar diren puntuetan indartu dadin, naturan hondakinak gutxiago uzteko; horrez gain, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak bultzatu eta garatzea proposatzen du mozioak, hondakinak ingurumenean bertan behera uzteak dituen ondorioak erakusteko, bai eta Getxoko herritarrek hori saihesteko izan dezaketen zeregina erakusteko ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun