Elkarrizketak

"Ezarritakotik irten eta euren kabuz izen bat eginez euren bizitza eraiki zuten emakumeak erakutsi nahi ditut lan honetan"

Iker Rincon Moreno 2021ko mai. 13a, 11:00

Maiatzaren 19an aurkeztuko du Romo Kultur Etxean liburu berria Javier Campo idazleak.

Javier Campo idazle algortarrak Saliendo de la invisivilidad. Retratos de mujer  liburua idatzi du, eta hilaren 19an aurkeztuko du, Nerea Aresti Historian doktoreagaz batera, Romo Kultur Etxean, 19:00etan. Bere hirugarren lana da hau; aurretik, Portu Zaharreko ermitaren eta udalerriko kale-izendegiaren inguruan liburu bana idatzi ditu. Oraingoan, Getxogaz lotura izan duten 29 emakumeren historia kontatzen du, horiek egindako lana nabarmentzeko xedez. Horren nondik norakoak azaldu dizkigu Campok.

Maiatzaren 19an zure hirugarren liburua aurkeztuko duzu: Saliendo de la invisivilidad. Retratos de mujer. Nondik dator mota horretako lan bat egitearen ideia?

Aurreko liburua bukatu nuenean –Getxo en sus calles. Con nombre propio–, konturatu nintzen Getxoko kaleetan gizonei eta emakumeei eskainitako kale-izenen kopurua nabarmen ezberdina zela. Emaitza 72 eta 7 artekoa zen. Orduan, emakumearen irudia nabarmentzeko ikerketa bat abiatzea proposatu nion nire buruari. Euren lana nabarmendu beharra dago, gizarte baten eragile izanda ere, horiek isilarazi baitituzte sistematikoki. Markagailua berdintzeko saiakera izan da hau.

Zer topatuko du irakurleak liburu horretan?

Udalerriarekin zerikusia duten 29 emakumeren biografia, euren historia propioarekin, eta garaiko testuinguruari lotutakoak. XVI. mendeko mediku-enpiriko batetik hasita, gure artean 40 urte daramatzan emigrante batera arte.

"Askotariko emakumeak aurki daitezke liburuan: elite ekonomikoan koka genitzakeenak daude, baina baita pobrezia basatiari aurre egin diotenak ere"

Zer-zelakoak dira ezagutarazi gura dituzun 29 emakume horiek?

Askotarikoak. Elite ekonomikoan koka genitzakeenak daude, baina baita pobrezia basatiari aurre egin diotenak ere. Era berean, diktadura garaiko irakasle frankistak daude, baina baita nazionalistak ere, beren ideologiagatik, euren profesioan jarduteko aukerarik izan ez dutenak. Gainera, herri behartsuaren ongile izan direnak ere topa daitezke, beren laguntza eskuzabalarekin jendearen aurrerabidean lagundu zutenak; Areeta eta Itzubaltzeta/Romoko auzoaren hazkuntzari, euren ahaleginarekin, lagundu zioten emakumeak ere badaude. Azken batean, ezarritakotik irten eta euren kabuz izen bat eginez euren bizitza eraiki zuten emakumeak dira horiek guztiak.

Zergatik aukeratu dituzu, zehazki, horiek?

Askotariko arrazoiengatik. Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen lehenengo sendatzaile enpirikoa dugu hemen, bere anaiek sorgina zela leporatu ziotelako; leinuen gerretan getxotarren ahaide nagusi izendatu zuten lehenengo emakumea; uste denez, bere senarrak eragindako tratu txarrengatik auzitegietara eraman zuen lehenengo emakumea; Maximo Agirre aberatsarekin lehiatu zen emakumea, Getxo Biarritz edo Donostia gisako herria egiten saiatu zena; ingeniaritza industriala izateko titulua jaso zuen lehenengo emakumea; zinegotzi izandako lehenengo emakumea; abeltzain bat; mundu mailan ezaguna izan den opera-kantari bat; eta golf-jokalari izateko izendapen profesionala eskuratu zuen lehenengoa, besteak beste.

Beste batzuk aukera nitzakeen, eta gehiago, baina horiexek dira bidean topatu ditudanak. Horiek ni aurkitu naute, eta harro nago horien familiekin kontaktatu izanagatik; laguntza eskaini didate, eta egindako lanari oniritzia eman diote euren sendien oroimena gorde dadin.

Zer-zelako lotura izan dute emakume horiek Getxo udalerriagaz?

Denak ez ziren Getxon jaio; Plentzia, Portugalete, Orozko, Bilbo, Berango eta Madrilen jaiotakoak dira batzuk. Hala ere, denek dute komunean ezkonduta egon direla eta, uneren batean, Getxon bizi izan direla. Hainbat maistra ditugu hainbat belaunaldiri irakurtzen eta idazten irakatsi dietenak; ostalaritzan bizitza osoa eman duten emakumeak, ahosabai zorrotzenetan oroitzapen atseginak utziz; baita ere emakume borrokalariak lan- eta gizarte-gaietan. Azken batean, emakume izateaz harro eta askatasuna erabiltzeko gogoz daudenak, etxean etxeko gizonaren zerbitzura egoteari uko eginez.

"Azken batean, emakume izateaz harro eta askatasuna erabiltzeko gogoz daudenak dira denak, etxean etxeko gizonaren zerbitzura egoteari uko eginez"

Zail egin zaizu horien guztien inguruko informazioa batzea?

XIX. mendearen erdialdera arteko emakumeen datuak aurkitzea oso zaila izan da. Hortik aurrera, ohiko artxiboetatik ibilita erraza izan da; liburu, doktore-tesi, berbaldi eta abar luze bat irakurri ditut, eta, denboran hurbilen dauden emakumeen kasuan, euren senideen bitartez jaso dut informazioa. Esan dezaket denek erakutsi zidatela, hasiera-hasieratik, beren bizipenak kontatzeko prestutasuna, baita aurkitzen nuena eta beraiek ezagutzen ez zutena irakurtzeko interesa agertu ere. Sorpresa bat baino gehiago izan da.

Zelakoa izan da dokumentazio-lana?

Hauxe da nire hirugarren saiakera historikoa, eta, bidean, behar diren datuak non bilatu ikasten joan naiz, gure probintziatik kanpoko artxiboetara joan behar izan gabe. Garaiotan ia dena digitalizatuta dago, eta horrek asko laguntzen dio ikertzaileari. Jakina, hemen, hurbilago, Derioko Elizbarrutiko Artxibotik, Foru Artxibotik, Bizkaiko Artxibo Historikotik eta bibliografia-erakusketa zabala eskaintzen duten liburutegietatik edan dut. Era berean, eta are konplexuagoa dena, probintzietako zein nazioetako egunkari eta egunkarietan arakatzea ere garrantzitsua izan da.

"Eskerrak eman behar dizkiet interesik gabe nire esanetara jarri diren familia guztiei, beren familiartekoari buruz idatzitakoarekin pozik daudela adierazi baitidate. Pozik nago aurkezten dudan lanarekin, eta espero dut Getxoko biztanleek beren herriko historia eta pertsonaiak izan direnarekin bat egitea, ahaztu ez daitezen"

Javier Campo, liburuaren egilea

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun