Zertan oinarritzen zarete pertsona guztientzako errenta unibertsala eskatzeko?
30 urte baino gehiago daramatzagu Diru-sarrerak Bermatzeko Errentagaz pobreziaren aurka borrokatzen, baina horrek ez du lortu arazoa konpontzea. 1989an, EAE aitzindaria izan zen horrelako tresna bat sortzen; hala ere, azken Pobreziaren eta Gizarte-ezberdintasunen Inkestak adierazi du pobrezia-indizean sartzen diren pertsonen % 34k ez duela DBErik jasotzen. Gainera, jasotzen dutenen erdiek aitortzen dute pobreak izaten jarraitzen dutela. Beraz, guretzat arazoa ez da kudeaketa, egitura edo ereduaren porrota baizik. Horrelako laguntzak ematen diren Europako herrialde guztietan dute arazo bera. Ezin daiteke pobreziaren aurka egin hainbat baldintza ezarriz txiroa nor den erabakita, baldin eta hasieratik ez baduzu errenta unibertsal bat ezartzen mundu guztia pobreziatik ateratzeko.
Zer ondorio ekarriko lizkioke gizarteari horrelako neurri batek?
Hainbat gauza berri lortuko ditugula uste dugu, honek paradigma berri bat zabaltzen duelako. Adibidez, oinarrizko errenta bat izateak ez zaitu enplegu baten menpe jartzen, eta, beraz, deusik balio ez duten lan prekarioak benetan kritika ditzakegu, eta, aldi beran, beste modu batera bizi. Emakumeek beraien eskubide eta askatasunaren alde borroka dezaten benetako palanka ere izango da, ez dutelako etxearen edo senarraren mendekotasun hori izango. Gainera, gizarte doiago bat eragingo luke, naturagaz adeitsuagoa eta ekologikoagoa, besteak beste. Uste dugu lehendabiziko eragina pobreziaren alorrean nabarituko litzatekeela, orokorrean jendearen bizitza hobetuko litzatekeelako.
"Uste dugu lehendabiziko eragina pobreziaren alorrean nabarituko litzatekeela, orokorrean jendearen bizitza hobetuko litzatekeelako"
Askok pentsatuko dute errenta horregaz jendeak lan egiteari utziko liokeela, denok alferrak bilakatuko ginatekeela; nola gezurtatu daiteke hori?
Espainiako Errepublikan emakumeei bozkatzeko askatasuna eman zitzaienean bezala, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentagaz arazo bera daukagu. Garai hartan, sozialista eta ezkerreko hainbat pertsona emakumeen botoaren aurka egon ziren, apaizek eta senarrek agindutakoa bozkatuko zutelakoan, baina hori frogatzeko beharra zegoen; eta errentagaz berdina gertatzen da, frogatu arte ez dugu jakingo benetan eraginkorra izango den. Eraldatzaileak diren politika guztiek dute aurreiritzien aurka borrokatzeko behar hori. Jendeak aurreiritzia dauka lanik gabe ezin daitekeela bizi, hau printzipio judeo-kristaua da, baina DBE jasotzen duten pertsonen gehiengoak lana bilatzen du, eta 900 euroko sarrerak dituen pertsona batek lan duin bat bilatzeko aukera gehiago izango du. Gizakiak ez du berezko alferra izatea, jendeak lan duinagoak bilatuko lituzke, eta egin dituzten ikerketek ere frogatzen dute jendeak lan egiten jarraituko lukeela. Azkenean, gizartea zentzu guztietan hobetuko lukeen dinamika batean sartuko ginatekeela uste dugu.
Nola finantzatuko litzateke?
Zergen bitartez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bitartez. Orain arte, hainbat eredu egin ditugu finantzaketa hori frogatzeko, eta ondorio nagusi bi atera ditugu: alde batetik, gezurtatu da horrek ekonomia hankaz gora jarriko lukeela, baieztatu genuelako Gipuzkoako BPGaren % 2agaz lurraldean Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta finantzatuko litzatekeela, eta horrek bai eragingo lukeela aberastasunaren benetako banaketa, finantzaketa hori diru gehien dutenen artetik aterako litzatekeelako, PFEZ bitartez; beste aldetik, ondorioztatu genuen finantzaketa horrek benetan aberastasunaren banaketa bultzatuko lukeela, DBEagaz lortzen ez dena. Azken finean ez da diru kontua, borondate kontua baizik.
Zer motatako Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta proposatzen duzue?
Guk aurkeztuko dugun Legegintzako Herri-Ekimen horren edukian oinarrizko errenta basiko bat aurkezten dugu: baldintzarik gabea, indibiduala, unibertsala... Bere helburu nagusia da pobreziari aurre egitea, beraz, horretarako hornidura egokia dauka: 900 euro 18 urtetik gorako pertsona guztientzat, hortik behera 17 urtetik 15era % 50, eta 14tik behera horren % 30 izango litzateke.
"Gure itxaropena da maiatzaren 22an edo 29an bilketagaz hasteko baimena izatea, eta horrek iraungo dituen lau hilabeteetan 10.000 sinadura eskuratu gura ditugu, gure proposamena Eusko Legebiltzarrera eramateko"
Zertan datza aurkezten ari zareten Legegintzako Herri-Ekimena?
Sei hilabete daramatzagu lanean Legegintzako Herri-Ekimen honegaz, eta momentu honetan oso egituratuta daukagu, egitura eta biltzar ezberdinakaz lurralde bakoitzerako; berbarako, Uribe Kostan antolamendu mailarik altuenetakoa lortu dugu. Orain, aurkeztu gura dugun legearen tramite politiko-juridikoa gainditu behar dugu, baina oraindik ez dugu hauteskunde-batzordearen baimena sinadura-bilketagaz hasteko. Gure itxaropena da maiatzaren 22an edo 29an bilketagaz hasteko baimena izatea, eta horrek iraungo dituen lau hilabeteetan 10.000 sinadura eskuratu gura ditugu, gure proposamena Eusko Legebiltzarrera eramateko. Hurrengo urratsa izango litzateke Legebiltzarrean erabakitzea lege moduan bozkatuko den ala ez; ohiko lege bat bezala bideratuko den erabakitzea, hain zuen ere. Izan daiteke gehiengo batek, adibidez EAJ, PSE eta PPk aurka bozkatzea, beraz, ez litzateke legea tramitatuko, baina hori kontraesan bat izango litzateke, hori bultzatu duen herri-subiranotasunak ez lukeelako ezertarako balioko. Hori da LHEakaz gertatzen dena. Laburbilduz, gure helburuak bi dira: alde batetik, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta alderdi politikoen eztabaidaren ardatzean jartzea; eta bestetik, gizartean ere oihartzuna izatea, jendeak jakiteko tresna hau existitzen dela.