Lope de Vega kaleko udal-eraikinen eraisketaren aurka mobilizatuko dira gaur

Ander Zarraga · Iker Rincon Moreno 2021ko mai. 26a, 10:09

Otsailean dozenaka auzotarrek mobilizazioa egin zuten eraikinaren eraisketaren kontra.

Gaur, hilaren 26an, manifestazioa egingo dute Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko udal-eraikina eraistearen kontra. Romo Plataformak antolatuta, 19:30ean elkartuko dira bertan. Era berean, aldarrikapen horri babesa adierazteko sinadurak batu eta udal-arduradunei bidali dizkietela azaldu dute ekintzaileek.

Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko udal-eraikina bota gura du Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, Belaunaldien Arteko Zentroa egiteko. Erabaki horren aurka, auzoko gazte eta nagusiek askotariko mugimenduak eta mobilizazioak egin dituzte proiektua geldiarazteko asmoz: itxialdiak, okupazioak, manifestazioak eta sinadura-bilketak, besteak beste. Azken horri lotuta, Romo Plataformak jakinarazi du sinadurak helarazi dizkiela udal-arduradunei euskaltegi zaharra eta Nagusien Etxea kontserbatu ditzatela eskatzeko, auzoko ondare historikoak direlakoan. Horrez gainera, mobilizazio berri bat iragarri dute gaur arrastirako, 19:30ean, eraikinen aurrean.

Romo Plataformak alkateari eta gainontzeko udal-talde politikoei idazki bat bidali die, hurrengoa esaten duena:

  1. Orain arte jasotako sinadurak ematea. Sinadurak Lope de Vega kaleko 12. zenbakiko (Euskaltegia eta Nagusien Etxea) eraikinak kontserbatzeko eta eraikin horien eraisketaren aurka egiteko dira, Erromoko (sic) ondare historikoak direnak.
  2. Gaur egun, hutsik daude (itxita edota hormatuak), bai Nagusien Etxeko 11 Apartamentu Tutelatuak (duela bost urte baino gehiago utzi ziren), bai aldameneko eraikina (Kultur Gela zaharra eta Udal Euskaltegia). Hori dela eta, berehala irekitzeko eta bere beharrei erantzuten dieten auzoko proiektu
    errealetan erabiltzeko eskatzen dugu, eraikinak eta ingurua errespetatuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun