Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko udal-eraikina (euskaltegi zaharra) okupatu zuten 2020ko uztailaren akabuan udalerriko hainbat gaztek. Horiek azaldu dutenez, euren helburua izan zen etxebizitza-proiektu bat garatzea bertan, denboragaz auzoko gazteei begirako proiektu integral bat eskaintzeko Itzubaltzeta III gaztetxeagaz batera. Hala ere, bertara sartu eta egun bira, eraikina berriro zigilatu zuen Ertzaintzak.
Belaunaldien arteko kohesiorako ekipamendua
Adinekoen eta gazteen arteko belaunaldi-bizikidetza bideratzeko asmoz, belaunaldien arteko kohesiorako ekipamendua sortuko du Getxoko Udalak Lope de Vega kaleko udal-eraikina dagoen eremuan. Azpiegiturak sozietate publikoa arduratuko da proiektua, eraikuntza eta ekipamendua egiteaz.
Ignacio Uriarte Getxoko Ekonomia zinegotziak joan den urteko otsaileko osoko bilkuran azaldu zuenez, gazteei zuzendutako Udaleko zuzkidura-ostatuak izango dira horiek eta 100 lagunentzako bizitokia izango da. Diotenez, proiektu hori garatzeko aurrekontua 14 milioi eurokoa da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Getxoko Udalaren artean ordainduko dena; azken horrek kreditu gehigarria jarriko du, hau da, 3,4 milioi euro. Izan ere, osoko bilkuran proposamena onartu zen, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoakaz; Elkarrekin Podemos eta EH Bildu taldeek horren kontra egin dute eta PP abstenitu egin da.
Ekipamendu publiko misto hori Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko nagusien etxea eta euskaltegia hartzen zituen eraikinean egingo dute. Hori dela eta, Ibar Nagusien Etxea eta gaztetxea okupatu zuten herritarrak askotariko protestaldiak egin dituzte hilabeteotan, eraikina botatzea "marra gorria" delakoan.