Bost egunez, Algortan euskaraz bizitzeko erronka

Amaia Garamendi: asteleheneko kronika

Iker Rincon Moreno 2021ko eka. 1a, 13:46

Atzo, astelehenean, hasiera eman zioten Algor7arrak Bat egitasmoak bultzatutako erronka berriari. Amaia Garamendik ekin zion bideari, eta lehenengo bideo honetan kontatu ditu egunean bizitako une guztiak.

Garamendik dioenez, atzokoa ez da beste egunen bestelakoa izan. Izan ere, San Nikolas ikastolako irakasle denez gero, goiz eta arratsaldea bertan eman du lanean. Haren berbetan, "ikastolan ez dago gaztelaniaz hitz egitea pentsatzerik. Denok euskaraz: irakasle, ikasle zien langileak". Hartara, ikastola bera Algortako arnasguneetako bat dela ondorioztatu du.

Arratsaldean, aldiz, kontuak aldatuz joan dira erronkari dagokionez. Okindegitik hasita, bertako langileak euskara menperatzen ez duen arren, erronkariak euskarari eutsi eta biak elkarri ulertzea lortu dute. Gainontzeko erosketak egiterakoan, aldiz, egoera bestelakoa izan da: fruta-dendan eta supermerkatuan gaztelaniara jotzeko beharra ikusi du Garamendik, bertako langileek euskaraz ez dakitelako.

Egunari amaiera emateko, Garamendi kuadrillagaz batu da. Lagun-taldea euskalduna izanik, gehienetan euskaraz aritu direla azpimarratu du parte-hartzaileak; hala ere, aitortu du uneren batean gaztelaniara jotzeko joera izan dutela.

Hauxe erronkaren lehenengo egunak utzitako kronika. Ea bigarren egunari nola egiten dioten aurre erronka honen parte-hartzaileek!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun