Belaunaldi ezberdinetako Algortako 5 auzokidek 5 egunean euskaraz bizitzeko erronka abiatuko dute maiatzaren 31etik ekainaren 4ra bitartean. Peio Lago (17 urte), Uxue Pradera (27 urte), Urko Uriarte “Ruke” (48 urte), Amaia Garamendi (60 urte) eta Marga Bravo (68 urte) izango dira erronka horri helduko diotenak, eta euren egunerokoaren berri emango dute egun horietan HIRUKAn publikatuko diren bideo ezberdinen bitartez. Ariketaren helburua da herrian euskaraz bizitzeko topatzen dituzten muga zein arnasguneak identifikatzea.
“Algor7arrak Bat" kanpaina 2021eko Aberri Egunaren testuinguruan Algortan sortutako dinamika da, Euskal Herriarekiko aldekotasuna, kontzientzia eta aktibazioa piztu eta saretzeko asmoa duena. Norabide horretan, euskarak gure herriaren eraikuntzan betetzen duen papera eztabaidaezina delakoan, eta horregatik, ekimen horrek bere alea jarri gura izan du kanpainaren barruan burutuko duten ekimen xume horregaz.
Euskarari heldu beharra
Ekimen horretako antolatzaileek gogoratu dutenez, azkenengo asteotan euskarari lotutako albiste zein ekimenez josita egon da, onak zein txarrak: "Iruneko udaltzaingoaren harira ateratako epaia oso larria da eta euskararen normalizazioaren bidean atzerapauso handia suposatu dezake. Horrez gain, Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua bertan behera utzi izanak kolpe gogorra suposatu du, urteetako lanaren ondorioz posible izango zen horri berriro ere ateak itxiz. Halako kasu larriek gure hizkuntzaren egoera zaurgarria erakusten dute, gaur egun ere normalizaziorako bidean dituen oztopoak agerian jarriz".
Hala ere, atzerapauso horiei aurre egiteko xedez, euskalgintzak zein euskal hiztunek euskararen aldeko lanean dihardute egunez egun, urtez urte. Horren adibide dugu egunotan eskualdean izango diren ekimen bi: Egizu elkarteak antolatutako Berbodromoa –gaur eta bihar izango da, Getxon–, eta Betiko eta Ander Deuna ikastolek antolatutako Ibilaldia, maiatzaren 30ean. "Lan honengatik ez balitz, nekez egongo ginateke gaur egungo egoeran, eta hala ere, ez da nahikoa", azpimarratu dute “Algor7arrak Bat" kanpainako bultzatzaileek.