Elkarrizketak

"Gizon baten izenordainaren atzean ezkutatzeari utzi nahiko nioke"

Iker Rincon Moreno 2021ko eka. 9a, 11:48

80 eleberritik gora publikatu ditu, horietatik, 66, gizon baten izenagaz. © HAIZEA LÓPEZ

Getxo agertoki nagusi duen thriller mitologikoa argitaratu berri du Haizea Lópezek, Búho ezizenagaz. Bere udalerrian oinarritu du trama osoa, euskal kultura eta suspensea nahastuta. La cueva de Mari izeneko eleberria "sekretu, misterio, suspense, erotismo eta pasioz jositako lana" dela azaldu du idazle getxoztarrak.

Hauxe ez da idazten duzun lehenengo lana. Noiz ekin zenion idazteari?

Oso gazte hasi nintzen; hamabi urte nituela idatzi nuen lehenengo eleberri luzea, baina adinez nagusia izan arte ez nuen lehenengoa argitaratu. Idaztea beti izan da nire bizitzaren parte oso garrantzitsua.

Ordutik, 80 lanetik gora osatu dituzu. Ez da nolanahiko kopurua...

Ordu asko ematen ditut egunero idazten, eta, gainera, irudimen hiperaktiboa daukat. Istorio bat amaitu ez dudan arren, beste berri batean pentsatzen hasten naiz.

Zaila da idazkuntzatik bizitzea?

Idatzi ditudan eleberrietako 66 gizonezko izenordearekin argitaratu ditut. Errazagoa da literaturatik bizitzea gizon baten izenpean.

Búho ezizenagaz hasi zara liburuok sinatzen orain. Zergatik?

Nire liburuen atzean egon nahi nuen; aurpegia jarri. Baina askotan errepikatu didate nire izena komertziala ez dela eta, ondorioz, ez nuen jarri nahi. Búho, aldiz, deigarria iruditu zitzaidan berriz bideari ekiteko. 

Zeintzuk zailtasun dituzue emakumeek mundu horretan?

Gaur egun, gehienek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortu dugula uste duten arren, hori errealitatetik oso urrun dago oraindik. Emakume batzuek arrakasta dute literaturan, jakina, baina gizon baten izenarekin askoz errazagoa da arrakasta lortzea.

Zer-zelako liburuak edo kontakizunak kontatzea gustuko duzu gehien?

Edozein generorekin ausartzen naiz: erromantikoa, suspensea, historikoa... Denetarik idatzi dut. Baina, zalantzarik gabe, suspensea eta misterioa gustatzen zaizkit gehien.

Getxoko Kultur Etxeak zure azkenengo lanean lagundu zaitu, ezta?

Bai, Getxoko Kultur Etxeak eleberrian inbertitu du 3.000 euroko laguntza emanez; mila esker berriro nigan konfiantza izateagatik.

"Momentu honetan, nire istorioen atzean egon ahal izatea da nire helburu bakarra: merezi dudan errekonozimendua izan eta mutil baten izenordainaren atzean ezkutatzeari utzi"

Lan guztiak gazteleraz idatzi dituzu. Zergatik ez ausartu euskaraz?

Asko gustatzen zait gure hizkuntza, eta oso harro nago hitz egiteaz. Baina gaztelaniaz irakurtzen dut, eta hobeto defendatzen naiz hizkuntza horretan idazten. Izan ere, idazteko tresna-kutxa bat behar da, eta nirea osoagoa da gaztelaniaz; baliabide gehiago ditut istorioak kontatzeko modu horretan.

Eleberria argitaratu berri duzu; besteren bat duzu buruan orain?

Bai, hurrengoa idazten ari naiz eta istorioaren laurden bat baino gehiago idatzi; "planteamenduaren" fasea amaitu berri dudala esan daiteke. Udaren atzean izenburua izango du, eta thriller erromantikoa izango da, euskal kulturaz beteta.   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun