Getxoko Txorimalo gaztetxeak jakinarazi duenez, duela 15 urte eraikina okupatzea egotzita epaitu dituzten gazte biak absolbitu ditu epaileak. Ebazpenaren berri emateaz gainera, gune autogestionatuko kideek jakinarazi dute prozesu berri bati ekingo diotela laster, gaztetxea zer izango den erabakitzeko. Hori dela eta, eztabaida-prozesuan parte hartzeko gonbidapena egin diete udalerriko gazte guztiei, "hemendik aurrera dauden aukerak inoiz baino hobeak izan daitezkeelako".
Txorimaloko kideek gogoratu dutenez, 15 urteotan gaztetxeak hainbat fase bizi izan ditu: garai batzuetan asanblada indartsuagoa eta gazteagoa izan da, eta, beste batzuetan, apalagoa eta adinez nagusiagoa. Eraikina husteko mehatxua egon zenean, azaldu dutenez, taldea barne-hausnarketa baten barruan zegoen, prozesu berri bat hasi eta jende gazteagoa batzeko. Prozesua hasi eta gutxira, baina, COVID-19aren pandemia hasi eta Ertzaintza hurbildu zitzaien, gazte biri okupazio-delitua egotziz, besteak beste. Horren ondorioz, aurreikusitako asmo eta dinamikak etenda utzi zituzten, orain arte. "Orain, ebazpen judiziala heldu dela, erronka berrien aurrean aurkitzen dugu gure burua", azpimarratu dute gazteek.