Bost egunez, Algortan euskaraz bizitzeko erronka

"Herrian euskaraz bizitzeko hiztunon konpromisoa irmoa izan behar da"

Iker Rincon Moreno 2021ko eka. 14a, 10:50

Algortan euskaraz bizitzeko erronka sustatu duten kideek positibotzat baloratu dute lortutakoa. Diotenez, euskara herriaren ardatza izatea nahi bada, hiztunon konpromisoa "irmoa" izan behar da. Aitortu dute ariketa zaila izan daitekeela hainbatetan, oztopoak oztopo, inguruotan normalizatuta ez dagoen hizkuntza delako euskara. Hori dela eta, egoerari buelta eman eta hizkuntzarekiko konpromisoari heltzea aldarrikatu dute.

Astebete igaro da Algortako bost lagunek udalerrian bost egunez euskaraz bizitzeko erronkari heldu ziotenetik. Maiatzaren 31n hasi eta ekainaren 4ra bitartean, bostek euren egunerokoan euskaraz soilik aritzeko konpromisoa hartu zuten, Algortan euskaraz bizitzeko topatzen dituzten aukerak eta oztopoak identifikatzeko xedez. Algor7arrak Bat kanpainaren barruko ekimena izan da hori, eta bultzatzaileek ondorioztatu dutenez, ariketa "positiboa izan da".

Arduradunek azaldu dutenez, bost eguneko dinamika horrek ondorio "argiak" utzi ditu euskararen erabilerari dagokionean. Kide guztiek euren eguneroko kroniketan aipatu duten bezala, euskara herriaren ardatza izatea nahi bada, hiztunon konpromisoa irmoa izan behar da. "Gehiagotan, pertsona gehiagorekin eta toki gehiagotan aritu behar gara euskaraz, horrek jada existitzen diren arnasguneak finkatu eta berriak irekitzeko aukera ematen digulako; hala nola gure eguneroko 'euskarazko' harreman-zirkuituak, dendari euskaldunak, hezkuntza zentroak, familia, lagun-taldea...".

Kontrara, aldiz, euskararen normalizazioa oztopatu eta egunerokotasunean euskaraz aritzeko mugak identifikatu ahal izan dituzte ekimen horren bitartez. "Euskalduna ez den administrazioa, euskaraz hitz egiten ez dakiten langile eta dendariak –batzuetan erantzun txarrekin, gainera–, gure ingurune hurbiletan ematen diren erdarazko joerak... Horiek ere badira gurean, eta gure hizkuntzaren biziraupena arriskuan jartzen dute", deitoratu dute bultzatzaileek.

Hori guztia dela eta, ariketa horregaz euskararen aldeko lanketak duen garrantzia atzeman dute dinamikako kideek. Ondorioztatu dute euskara ez dela normalizatuta dagoen hizkuntza, "inondik inora". Hala, egoera horri buelta ematea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute, eta, horretarako, hiztunon bultzada zein administrazio eta erakundeen konpromisoa eta eragina funtsezkoa dela azpimarratu dute. "Hizkuntza, azken finean, eskubide kontua ere bada, baina ez hori bakarrik; euskara gure nazioaren ardatza da, euskal herritarrak egiten gaituena. Zaindu eta borrokatu dezagun, beraz!".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun