Elkarrizketak

"Emaile-kopurua handitu eta jende gaztea geureganatu nahi dugu"

Iker Rincon Moreno 2021ko eka. 21a, 11:02

Omenaldiaren argazkietako bat. © BIHOTZ-HANDI ELKARTEA

Azken urte bietan 40-50 aldiz odola eman duten 13 getxoztar omendu ditu Bihotz-Handi elkarteak: 2 emakume eta 11 gizon. Urtez urte egiten duten ekitaldi hori, normalean, Bizkaiko odol-emaileak batuta egiten bada ere, COVID-19ak baldintzatutako egoera honetan posible ez dela ebatsi eta, aurten, Getxon egitea erabaki zuten antolatzaileek. Joan den astelehenean, hilaren 14an, izan zen omenaldia, eta horren inguruan eta elkartearen inguruko lanaren nondik norakoez berba egiteko batu gara elkarteko kideakaz.

Getxoko 13 odol-emaile omendu zenituzten joan den ekainaren 14an. Zergatik omenaldi hori?

Ekainaren 14an Munduko Odol-emaileen Eguna ospatzen da, eta, egun hori kontutan izanik, urtero egin ohi diegu Bizkaia mailan 40-50 aldiz odola eman duten emaileei omenaldia. Iaz eta aurten ezin izan da horrelakorik egin COVID-19agatik, izan ere, jende asko batzen gara halako ospakizunetan.

Getxon oso emaitza onak izan ditugu, eta nola 2020-2021 gure omenduak ez diren publikoki zoriondu ezta omendu ere, gure artean egitea erabaki genuen. 2020an emakume bat eta 9 gizon eta, 2021ean, emakume 1 eta sei gizon heldu dira odol-emate tasa horretara. Guztira, 2 emakume eta 15 gizon elkartu ditugu Getxo mailan egindako lana eskertzeko, zoriontzeko eta gizarteratzeko.

Zer-zelako garrantzia du gaur egun odola emateak?

Osasun-zerbitzuek gero eta odol gehiago behar dute. Emanaldi bakoitzean ateratako odol-poltsa bakoitzetik hainbat “produktu” lortzen dira, hala nola hematieak, plaketak eta plasma. Ebakuntzetan erabiltzen dira hematieak; minbizi-kasuetan, berriz, plaketak erabiltzen dira batez ere. Horrekin ere, gainera, txertoak eta beste botika batzuk lortzen dira.

Gogoratu beharra dago odola ez dela fabrikatzen; ezin da. Bakarrik balio du gizakiak emandako odolak.

Zer egoera bizi du odol-bankuak?

Galdakaon biltzen da EAErako odol-prozesu osoa. Normalean autosufizienteak gara; errekurtsoen hobekuntzan lan handia egin da, eta konpontzen gara. Baina beti oso adi egon beharra dago, ezin dugulako atzera egin. Gure helburuetako bat da emaileen fideltasuna lortzea. Horrez gainera, emaile-gazteak erakartzea ere eta horien jarraipena lortzea dugu helburu, adinez gora doazenen lekukoa ziurtatzeko.

"Emaileak oso kontutan izan nahi ditugu, publikoki horiei eskerrak eman eta herritarren aurrean aurkeztu, posiblea dela ikusteko eta horrelako jendea ezagutarazteko"

Zer da beharrezkoa odol-emaile izan ahal izateko?

Odol-emailea izateko behar dena da, lehenengo eta behin, nahi izatea. Gero, 18 eta 65 urte bitartekoa izan beharra dago; gogoratu beharra dago hepatitisa 12 urte izan aurretik pasatu izanez gero, ez dagoela arazorik. Izan ere, askotan galdetu digute hori. Odola ematerako orduan, gainera, baraurik ez egotea beharrezkoa da, eta, noski, osasunez ondo egotea.

Botikak hartzen dabilenen kasuan, gomendatuko genieke aldez aurretik medikuarekin kontsulta egitea jakiteko gomendagarria duten edo ez; hainbatek ez dute kalterik egiten, baina kontsultatzea beharrezkoa da.

2020a oso berezia izan dela diozue, izan ere, ia % 25 areagotu egin dira odol-emateak Getxon. Zergatik igoera hori?

Bai, iaz igo zen emate-maila. Benetan oso zenbaki handia da guretzat. Zergatiaren arrazoi ezberdinak daude: lantokiak, unibertsitatea, eta abarrak itxita egon dira, eta autobusak ezin izan dira lantegietara joan odola batzera. Horrexegatik, busak libreago egon dira, eta sarriago etorri dira udalerrira, besteetara bezala. Gainera, Galdakaotik deialdiak hobetu dituzte, eta zita zehatzagoak egin dituzte emaileekin. Gure ustez, gizarteak primeran erantzun dio egoera berezi honi.

Noiz eta zergatik sortu zenuten Bihotz-Handi elkartea?

Bihotz-Handi orain dela 27 urte inguru sortu zen. Antzina, leku desberdinetan odola ateratzen zen, hala nola Basurtuko ospitalean edo gurutze gorrien egoitzetan. Ermandaderen bat ere sortu zen. Baina, Algortan, San Nikolaseko parrokian zegoen Jose de Madariaga apaizak elkarte bat sortzeko eskatu zion Jaime Axperi, eta halaxe osatu zuten Algortako odol-emaileen elkartea. Handik bi urtera, Getxora zabaldu zuten, eta Areetan ere 2 emantoki ireki zituzten.

Ordutik, zein izan da zuen zeregina?

Lehen eta orain, gure helburu nagusia da odola lortzea. Horretarako, odol-emaileak behar dira, eta hori da gure zeregin nagusia. Kanpainak egin ditugu urtez urte; udalerriko elkarteekin lan egin dugu, eta jarraituko dugu, helburu bera kontutan izanik beti. Bestalde, emaileak oso kontutan izan nahi ditugu, publikoki horiei eskerrak eman eta herritarren aurrean aurkeztu, posiblea dela ikusteko eta horrelako jendea ezagutarazteko. Bi urterik behin omenaldia antolatzen dugu 20-25 aldiz odola eman dutenekin, Villamonteko kultur etxean. Urtero, aldiz, 40-50 aldiz eman dutenekin Bizkaia mailan ospatzen dugu. Eta, goragoko emaileen kasuan, urte tarte handitxoagoaz ospatzen dugu ere.

Zeintzuk erronka dituzue etorkizunari begira?

Etorkizunari begira, eta hasieran esan bezala, gure erronka odola lortzea da. Egia da gaur egun beharrak handitu direla, batez ere minbizien tratamenduekin, transplanteekin (odol asko behar izaten dute) eta abar. Medikuntza aurrera doa, eta, momentu honetan, plasmarekin lan handia egiteko asmotan dabiltza Galdakaoko Transfusio eta Giza-Ehunen Euskal Zentroan. Gure aldetik, beraz, emaile-kopurua handitzea eta jende gaztea geureganatzea nahi dugu.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun