Getxo "feminista eta askotarikoa" eraikitzearen aldeko apustua aldarrikatu du Udalak

Erredakzioa 2021ko uzt. 21a, 18:51
Domekan agertutako pintaketa faxistetako bat.

EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoakaz, PPren kontrako botoakaz eta EH Bilduren abstentzioagaz –beste proposamen bat aurkeztu du–, domekan Uribe Kostan agertutako pintaketa faxistak eta matxistak kritikatzeko adierazpen instituzionala onartu du Getxoko Udalak. Koalizio abertzaleak deitoratu du baietsitako oharrean ez dela Lauaxeta euskaltegiari babesa adierazten, ezta euskararen normalizazioa aldarrikatzen ere, besteak beste.

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak honako adierazpen instituzional hau onartu du:

  • Getxoko Udalak irmoki salatzen ditu gure herrian agertutako pintada faxistak, eta erabat gaitzesten du balio demokratikoen eta aniztasunaren aurka doan edozein adierazpen mota. Faxismoak ez du lekurik gure udalerrian.
  • Pintada horietan emakumeen, euskaltzaleen, abertzaleen eta gazte mugimenduaren aurkako mezuak agertu dira. Udalak lanean jarraituko du Getxo feminista eta askotarikoa eraikitzeko, bizikidetzaren aldeko apustua eginez, eta adierazten du ez duela atzerapausorik emango hura hautsi nahi duen edozein ekintzaren aurrean.
  • 85 urte igaro dira faxistak gure herrian altxatu zirenetik. Horregatik, Getxoko Udalak gure herriaren memoria historikoa landuko du, memoriaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioei jarraituz”.

Akordiorik ez

EH Bilduk, bere aldetik, adierazpen instituzional propioa aurkeztu du, baita udalerri feminista, euskalduna eta askotarikoa aldarrikatzea proposatu eta urtero gudari antifaxisten omenezko ekitaldi bat antolatzea ere. Hala ere, deitoratu du ez dutela akordiorik lortu Udaleko bozeramaileen batzordean; azaldu duenez, bere proposamenean Algortako Lauaxeta euskaltegiari eta euskaltzale guztiei babesa adieraztea gura zen, pintaketa faxistetako bat euskaltegiko pertsianan agertu baitzen. "Zoritxarrez, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek uko egin diote euskaltegia modu zuzenean aipatzeari, Fadura bezalako beste gune batzuek ere pintadak jasan dituztela argudiatuz", deitoratu dute koaliziokoek.

Horren aurrean, baina, koalizio abertzaleak uste du "zalantzarik gabe", euskaltegiari eraso zuzena egin diotela "euskaltegi izate hutsagatik", eta gaineratu dute pintaketa batzuk euskararen kontrakoak izan direla. Are gehiago, EH Bilduk azpimarratu du bere proposamenean, "Getxo feminista, euskalduna eta askotarikoa" aldarrikatzen dutela, eta Udal Gobernuak Elkarrekin Podemosekin onartutakoan, "Getxo feminista eta askotarikoa" aipatzen dela, "euskarari eta euskaltegiari buruzko aipamen guztiak kenduz".

Era berean, azaldu dute EH Bilduk gudari antifaxistei omenaldiak egiteko proposamena egin duela, "memoria historikoa, aitortza eta frankismoaren biktimekiko erreparazioa bultzatzeko helburuarekin". Gainerako alderdi politikoek dute puntu hori babestu, eta deitoratu dute eurek aurkeztutako adierazpenean ekintza zehatzak azaltzen zirela, "eta Udalak onartutakoa, berriz, paper bustia baino ez da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun