Getxoko Udalak 2020an Azkorrin eraiki zuen biribilgunea Lurzoruaren Legearen eta Getxoko HAPOko xedapenen aurkakoa dela ebatzi du epaileak. Horrenbestez, Azkorri Bizirik plataforma ekologistari arrazoia eman dio, eta, horren arabera, orain, Udalak biribilgunea desegin beharko luke.
Horren aurrean, baina, Udalak ohartarazi du epaia ez dela irmoa, eta apelazio-errekurtsoa jar daitekeela. "Getxoko Udaleko zerbitzu juridikoak apelazio-errekurtsoa jartzeko aukera aztertzen ari dira", azaldu dute udal-arduradunek.
Izan ere, azpimarratu dutenaren arabera, "epaiak onartzen du espazio libreko sistema orokorreko (ez berdeguneetako) 136,94 metro okupatu direla, hau da, sistema horren % 0,07". Hori dela eta, Udalak uste du gutxieneko okupazio hori justifika daitekeela, "kontuan hartuta, udal-lursaila izateaz gain, Bizkaibuseko egungo lineak zerbitzu segurua eskaini ahal izateko beharrezkoa den gutxienekoa dela".