Zientoetxeko biribilgunea auzitara eraman du Azkorri Bizirik taldeak

© AZKORRI BIZIRIK

Joan den urteko udaldian Zientoetxen eraikitako biribilgunea eraikitzeko obra auzitara eraman dute hainbat auzokidek, egitasmoa legez kanpokoa delakoan. Hala, Azkorri Bizirik plataformak iragarri duenez, gaur hasi da epaiketa, Bilboko auzitegietan. Salatzaileek azaldu dutenez, auzi horrek mugikortasun-ereduan du jatorria, "eta horri erantzun behar zaio bere osotasunean".

Joan den urteko uztailean, Getxoko Udalak biribilgune bat egiteko lanak abiatu zituen Azkorrin. Hainbat auzokidek egitasmo horren kontra egin zuten, eta, behin-behinean beharrok geldiarazi ondoren, abuztuan obrak amaitu ziren. Egitasmo horren helburua da, arduradunen arabera, gune horretara joaten diren pertsonen segurtasuna ahalik eta gehien bermatzea. Era berean, arduradunen arabera, beharrok Foru Aldundiaren Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak eremu horretan Bizkaibus zerbitzuko autobusek beharrezko maniobrak errazteko egindako eskaerei erantzuten die

Azkorri Biziriken iritziz, aldiz, lan horiek ez ziren beharrezkoak busaren maniobrak errazteko, eta alternatiba egokiagoak zeudela mahai-gaineratu dute, "merkeagoak eta kalte ekologiko txikiagoa eragingo luketenak". Izan ere, salatu dutenez, natur-gunea hondatzen jarraitzeko beste urrats bat izan da proiektu hori, "eta ez dio arazoa sortu duen gaiari erantzuten, hots, ez du konpondu auto pribatuek sortutako trafiko-arazoa".

Talde ekintzailearen berbetan, biribilgunea ekiditeko eta auziari konponbidea emateko bestelako aukerak eskaini zizkioten Udalari, "baina horrek muzin egin eta biribilgunea egitea erabaki zuen". Hala ere, obrak egindako sakoneko arazoari konponbiderik eman gabe jarraitzen duela azpimarratu dute:

  • Auto-pilaketak; autoen gehiegizko abiadura; edozein lekutan aparkatzen dute: debekatutako lekuetan, berdeguneetan; oinezkoen eta auzokoen bidea oztopatuz; inolako isunik jaso gabe.
  • Oinezkoentzako ibilbide segururik gabe busaren geltokitik hondartzara, Goienetxera edo pasealekura tartean.
  • Txirringentzako ibilbide eta aparkaleku seguruak jarri gabe.
  • Garraio publikoa eta jasangarria sustatu gabe: bus zerbitzua indartu gabe, txirringa alokairu zerbitzua jarri gabe.
  • Diliz eta Goienetxe estratetako bizilagunen mugikortasuna eta ziurtasuna bermatu gabe.

Egoera horren aurrean, taldeak Udalaren erabakia auzitegietara eramateko hautua hartu zuen, eta gaur hasi da epaiketa, Bilbon. "Gure ustez, biribilgunea legez kanpo zegoen. Hori baieztatzeko, hona hemen guk eskatutako kautela neurrien aurrean, epaileak egindako ebazpenean Udalak argudiatu zuena, hitzez hitz: "...mientras que el hipotético daño que se podría generar con la finalización de las obras consistiría en haber ocupado parcialmente un suelo destinado a uso no viario, que en todo caso es recuperable, tras la demolición de la obra si se estimara la demanda....".

Horrez gainera, Azkorrik babes-plan berezia behar duela aldarrikatu du Azkorri Bizirik taldeak, "bertako naturagunea eta nekazal-gunea babesteko, auzotarren eta getxoztar guztion bizi kalitatea hobetzeko, eta gure ondorengoei ondare eder hau bizirik uzteko".

Erlazionatuak

Berriz ekin zaie Azkorriko biribilgunea eraikitzeko lanei

Getxo

Azkorriko Zientoetxe eta Goienetxe estratek bat egiten duten lekuan biribilgune bat eraikitzeko lanei ekingo die Getxoko Udalak berriz ere aste hon...
Zientoetxeko biribilgunea "legez kanpokoa" dela salatu du Azkorri Bizirik plataformak

Getxo

Getxoko Udala Zientoetxeko errepidean biribilgunea egiteko obrak "modu ilegalean" egiten ari delakoan, lanok geldiarazteko elkarretaratzea egin zut...

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun