Getxoko udaletxean elkarretaratzea egin dute asteburuan Plentzian jazotako sexu-erasoa gaitzesteko

Erredakzioa 2021ko abu. 31a, 16:36
© GETXOKO UDALA

Amaia Agirre Getxoko alkatea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak eta Getxoko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdietako kideek parte hartu dute gaur udaletxearen atarian egin duten kontzentrazio isilean.

Elkarretaratze isila egin dute Getxoko udaletxearen atarian, domeka goizaldean, abuztuaren 29an, Plentzian 17 urteko getxoztar bati egindako sexu-erasoa gaitzesteko eta biktimari elkartasuna adierazteko. Arratsaldean ere mobilizazioa egiteko deialdia zabaldu dute, Telletxetik abiatuta, 20:00etan.

Amaia Agirre Getxoko alkateak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak eta Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu dute, gaur, martitzenean, 12:00etan egindako kontzentrazio isilean.

Ertzaintzak gertatutakoa ikertzen jarraitzen duen bitartean, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gaitzespen irmoa adierazi zuen atzo, adierazpen instituzional baten bidez, eta, aldi berean, genero-desberdintasunean oinarritutako jarrera sexisten ondoriozko eraso guztiak gaitzetsi zituzten. Halaber, elkartasuna adierazi zioten erasoa jaso duen emakumeari eta babesa eskaini zioten.

Bestalde, Bozeramaileen Batzordeak herritarrei dei egin diete, gaur, Telletxe kaleko puntu morean egingo den mobilizazioan parte har dezaten. Emakume elkarteei eta Berdintasun Kontseiluan parte hartzen duten erakundeei bereziki eskatu diete deialdiagaz bat egin dezaten. 

Getxoko Udalak berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lana defendatzen jarraituko duela ere azpimarratu dute; emakumeek sexu-harremanak nogaz, noiz eta nola izan gura dituzten askatasunez erabaki dezaketen gizarte baten alde, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun