Tokioko Paralinpiar Jokoak

Higinio Rivero parakanoeko finalerdietarako sailkatu da

Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 10:42
Mourao eta Rivero parez pare, gaurko lasterketan. © BASQUE TEAM

Parakanoeko VL2ko 200 metroko finalerdietan sartu da Higinio Rivero, bere seigarren denbora onena eginda. Norberto Mourao portugaldarraren atzetik helmugaratu da arraunlari getxoztarra, eta, orain, finalera pasatzeko lehiatuko da.

Higinio Rivero parakanoeko VL2ko 200 metroko finalerdietan sartu da, bere seriean bigarren denbora onena eginda. Norberto Mourao portugaldarraren atzetik helmugaratu da Rivero, eta 58.366. (+0.535) marka egin du, jardunaldiko seigarren onena. Serie bakoitzeko lehen ontzia zuzenean pasatzen zen finalera.

"Azken unera arte saiatu gara, finalera bakarra pasatzen zelako zuzenean, eta oso ona zen finalerdiak gainetik kentzea. Oso ondo egin dugu, lehen abantaila gehiago ateratzen zidan Europako txapeldunarengana hurbildu garelako. Orain, gertuago ikusten nau eta finalean gertuago edo aurrean ikustea espero dut", adierazi dio Riverok Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Rivero oso ondo aritzen da probetako azken zatietan, eta, gaur ere, oso irteera ona egin du, egiteke duen lanetako bat, hain zuzen ere. Azaldu duenez, irteera horietan portugaldarrak normalean egiten duen lan onari aurre egitea zen gaurko asmoa: "Estrategia zen, bera oso indartsu ateratzen da eta ez nau hainbeste atera, eta hor pausoak eman ditugu. Berak azkarragoa du lehen zatia, eta, azkenean, nik aldea murriztu ahal izan diot, ni lehiatzen naizen bezala, azkenean pixka bat gehiago igoz. Ezin izan dut nahi adina igo haizeagatik, beraz, oraindik badugu zerbait gordeta".

Gaur, egun euritsua eta haizetsua izan da Tokioko Sea Forest Waterwayn. Hurrengo egunetarako aurreikuspenen arabera, datozen jardunaldiak antzekoak izango direla jakinarazi dute; hain zuzen ere, haizearen eraginez alde handia dagoelako kaleen eta serieen artean.

"Etxean bezala dago, euria ari duelako, baina gure kezka bakarra da pista honetan haizea oso aldakorra dela, beraz, datorrenarekin egokitu beharko gara. Gogotsu. Etortzen denaren arabera, estrategia prest daukagu. Entrenatuta daukagun bezala egin behar da" nabarmendu du Riverok.

Basque Teameko kirolariak argi dauka bere aurkariak gaur serieak irabazi eta finalera zuzenean pasa diren piraguistak direla: Norberto Mourao portugaldarra eta Fernando Rufino de Paulo brasildarra.

"Seriea irabazi didan portugaldarra eta beste seriea irabazi duen brasildarra dira indartsuenak. Hirurek osatu genuen azken Munduko Kopako podiuma. Espero dezagun berriro errepikatzea, baina nik brontzea beste metal batengatik aldatuz", adierazi du bizkaitarrak.

Arraunlari getxoztarrak azken urteetan izan duen bilakaera ikusgarria izan da, batez ere azken urte eta erdiko jauzia. Aurreko Europako Txapelketan lortutako zilarrak bere lehen Jokoetan zerbait polita egin dezakeela pentsatzeko arrazoiak eman dizkiola azaldu du Basque Teameko komunikazio taldeak.

"Nire lasterketa egiten saiatu behar naiz, arreta galdu gabe, eta, horrekin, aurreko postuetan egon gaitezke. Lehen lauren artean egotea oso emaitza ona litzateke. Nik dominaren bila joan nahi dut, baina lehiakide gehiago daude, eta entrenatu eta borrokatu ere egiten dira. Onenak irabaz dezala", esan du Riverok. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun