Abuztuaren 24tik irailaren 5era bitartean izango dira Tokioko Paralinpiar Jokoak, eta horietan lehiatuko dira eskualdeko hiru kirolari.
Asier Garcia izango da lehian jarriko den lehenengoa, gurpildun aulkiko saskibaloian. 13 urte zituela hasi zen saskibaloi egokitua praktikatzen, eta goi mailako ikasketak amaitu ondoren, Bartzelonara joan zen, FC Barcelona taldean aritzeko. Gaur egun, ordea, Bilbao Bidaideak BSR taldeko kidea da.
Nazioarte mailan, 2019ko udan zilarrezko domina eskuratu zuen Garciak Poloniako Europako Txapelketan, eta emaitza horregaz lortu zuen Tokiorako txartela. Hala ere, aurtengoak ez dira bere lehenengo Jokoak izango, diploma olinpikoa eskuratu baitzuen 2012ko Londresko Jokoetan, eta zilarrezko domina 2016ko Rio de Janeirokoetan.
Higinio Rivero kirolzale amorratua da eta, 2013an, eskalatzen ari zela, istripu larri bat izan zuen, paraplegia ekarri ziona. Hala ere, horrek ez dio bere zaletasuna alboratzea ekarri, eta ilusioz eta motibazioz betea, piraguan dabil buru belarri. "Txikitatik gustatu izan zait kirola egitea eta ez gelditzea. Eta istripuaren ondoren berdin jarraitzen dut", esan du Riverok.
Plentziako Piraguismo Taldeko kidea da Rivero, eta kirol horretan denbora gutxi daraman arren, daborduko Munduko Maratoi Txapelketa irabazi du; Europako txapelduna ere bada. Azken urteotan, aldiz, erronka berria jarri dio bere buruari, eta modalitate olinpikoetan oinarritu da, baita emaitza onak lortu ere: 2019an Szegeden jokatutako Munduko Txapelketan lortu zuen Jokoetarako txartela.
Jorge Pineda da hiruretatik gazteena, eta diplejia espastikoa du, hanken mugikortasunari eta enborrari eragiten diona. Espainiako Arraun Federazioak antolatzen dituen Arraun Paralinpikoko lehiaketetan parte hartzen du duela urte batzuetatik, batez ere PR2 Biko Scull Misto ontzian. Hala ere, azken hilabeteotan, lauko lemazaindun ontzian postu bat irabazi du, eta Tokioko Joko Paralinpikoetan parte hartzera gonbidatu dute, estatu mailan parte-hartze historikoa izanik.
"Nire kirol ibilbidea maila pertsonalean dominak lortzera bakarrik ez dut bideratu nahi; gizartean modu positiboan eragin eta jendea bide bat irekitzera animatu nahiko nuke", adierazi du Jorgek.