Finalerdian, Riverok denborarik onena egin du: 55.195. Horrela, getxoztarrak ez du arazorik izan finalera pasatzeko. Proba horretan, Mourao portugaldarra eta Fernando Rufino de Paulo brasildarraren kontra lehiatu behar izan da, aurkari zuzenak izan direnak.
“Seriea nahiko eskuragarria eta ona izan zen, baina finalerdian gogorrenak egokitu zaizkit, 2019ko Munduko txapelduna eta Europako txapelduna. Ondo egin dugu, gehiegi gastatu gabe finalerako lehenak sartu gara. Finalean, jendea nola zegoen ikusita, bagenekien puntu bat gehiago igo behar genuela. Igo egin dugu, baina ez naiz gai izan azken metroei eusteko; haizeagatik ere bai, ezkerraldeko kaleek hori alde izan baitute. Horixe egin behar zen eta egin dugu. Saiatu eta ez konformatu”, azakdy dio Higiniok Basque Teameko komunikazio-taldeari.
Finalean, agerian geratu da parakanoean azken urteetan izaten ari den bilakaera eta kirol honetan lehiakortasuna areagotzeko ematen ari diren urratsak. Fernando Rufino de Paulo brasildarrak irabazi du urrezko domina (53.077), Steven Haxton estatubatuarrak zilarra (55.093) eta Norberto Mourao portugaldarrak brontzea (55.365). Aurrenekotik aurrerako postu guztiak oso lehiatuak izan dira. Rivero seigarren postuan helmugaratu da, garailearengandik 2.981era.
“Lehen bost segundoko aldeak egoten ziren, gero bikoak. Eta orain ia segundo erdira gaude denok. Zaila eta aldi berean dibertigarria da, niretzat behintzat. Oraingoan ezin izan da lortu, baina ez dugu itxaropena galtzen. Ikusten dugu hor gaudela eta lor dezakegula, eta hurerngoan borrokatzen jarraitu behar dugu”, adierazi du Riverok.
Daborduko, Rivero Kopenhagen irailaren 16tik 19ra jokatuko den Munduko Txapelketan pentsatzen ari da, eta jakina, baita 2024ko Pariseko Jokoetan ere.
“Oso pozik nago. Agian finalean gehiegi harrotu naiz, baina berriro egingo nuke. Finala ondo hasi dugu. Normalean lehen 50 metroetan aldea ateratzen naute, eta nik uste dut hor egon garela, lehenengo hiru postuetan, lehen 100 metroetan. 100 metroetatk aurrera hasi zait pixka bat maldan gora egiten. Egia da ni azken zatian igo ohi naizela, 100etik aurrera erregulatu dut, baina ez da nahikoa izan azken metroetan dudan ohiko igoera egin ahal izateko, hasieran gehiegi estutu dudalako aurrean egoteko. Irteera berriro egingo nuke eta entrenatu behar dudan gauza bakarra amaiera hobea egin ahal izatea da, beraz, gaur egindakoa ez dut aldatzen”, esan du piraguistak.