Azkorriko naturagunea babesteko borondaterik ez dagoela deitoratu dute Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko urr. 1a, 14:50

Azkorri, autoz pilatuta. © Azkorri Bizirik

Atzo, eguenean, Getxoko Udalbatzak Azkorriri buruzko arazoa eztabaidatu zuen, EH Bilduk eta PP alderdiek egindako mozioen harira, baita Elkarrekin Podemosen zuzenketak kontutan hartuta ere. Hala ere, udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) ez ditu begi onez ikusi, eta ez dituzte onartu.

Uda honetan, Getxoko Azkorri inguruak autoz betetako irudiak ikusi ahal izan dira, behin baino gehiagotan. Auto-pilaketak egon dira bertan, eta ibilgailuak aparkatuta egon dira nonahi, berdeguneak eta natura-guneak errespetatu barik. Egoera horren aurrean, oposizioko taldeek hainbat proposamen egin zituzten atzoko osoko bilkuran.

Alde batetik, PPk proposatu zuen berdegune horretan 100 plazako aparkaleku berri bat egitea. Horren aurrean, Elkarrekin Podemoseko zinegotzi Carolina Uribek erantzun du "burutazio" horrek, trafiko gehiago erakartzeaz gainera, garraio publikoa erabiltzea eragotziko lukeela. Hala, mozio horren aurka bozkatu zuten talde guztiek.

Bestalde, EH Bilduk Azkorri babesteko mozio bat aurkeztu zuen, eta Elkarrekin Podemosek zuzenketa bat aurkeztu zion. Proposamen horrek, besteak beste, garraio publikoak areagotzea eta baimendutako guneetatik kanpo aparkatzea debekatzea eskatzen zuen. Hala ere, proposamen horrek ere ez zituen behar besteko botoak jaso, eta baztertu egin zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun