Elkarrizketak

Mailen Mansilla: "Jolasa ez da bakarrik umeen kontua"

Julen Nafarrate 2021ko urr. 21a, 12:05

Hilaren 21ean zirku ikuskizuna eskainiko du Mailen Mansillak Trotamundos konpainiagaz, Algortako Portu Zaharreko aste kulturalaren baitan.

Lau egunez, hamaika kontzertu eta ikuskizun egongo dira Algortako Portu Zaharreko aste kulturalaren baitan, urriaren 21etik 24ra, hain zuzen ere. Bertako auzokide den Mailen Mansillak ere ikuskizuna eskainiko du, Trotamundos konpainiagaz: "Kutxa baten barruan euren tramankuluak, istorioak... euren bizitza osoa eramaten duten bi pertsonaiaren istorioa kontatzen dugu, zirkuaren bidez". Ikuskizun honen istorioa nahiko autobiografikoa da, Mailenek aitortu duenez. Orain dela sei urte heldu zen Euskal Herrira Argentinatik, eta geroztik gurean jarraitzen du: "Hasiera apur bat gogorra izan zen, zerua grisa, horrenbeste euri... Baina gehien harritu ninduenak Euskal Herriko kultura eta nortasun berezia izan zen".

Akrobaziak, malabarrak akro-porteak... zirkua da Mailenen pasioa: "Txikitan, irristaketa artistikoa egiten nuen Buenos Airesen, baina utzi behar izan nuen gurasoek ez zutelako diru nahikorik eskolak ordaintzeko". Baina zalantzarik gabe, hula-hoopa dantzatzea da bere bereizgarri nagusia: "Hula-hoopak ematen dit oreka. Nire elementu propioa da, ez dut inor behar beragaz dantzatzeko. Zirkulu infinitu bat da". Argentinarrak hula-hoop ikastaroak eskaintzen ditu, eta, dioenez, edozeinek dantzatu dezake: "Bai, eta, gainera, jende guztiak irribarre egiten du hula-hoop bat hartzen duenean esku artean, herriko serioenak ere!". Bere ustez, denok egin beharko genuke jolas apur bat gehiago gure egunerokotasunean: "Jolasa ez da bakarrik umeen kontua. Jendeak ez dio bere buruari uzten lasai barre egiten".

Euskal Herriko kultura eta hizkuntza gertuagotik bizi eta ezagutzeko asmoz, izena eman berri du Mailenek euskaltegian: "Ilusioa egingo dit artikulu hau euskaraz irakurri ahal izateak!". 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun