Elkarrizketak

Aitor Arri: "Elkarlanaren bitartez, talde guztien artean kirol eta gizarte justuago bat lortzea da gure helmuga"

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 15a, 07:42
Getxo Rugby-ko talde inklusiboa. © AITOR ARRI

Inklusioa sustatzen duen errugbiko Bultza Ligari hasiera eman diote joan den aste-akabuan Bilboko El Fango kiroldegian. Euskal Herriko lau taldek parte hartzen ari dira ligan, tartean, Getxo Rugby. Aitor Arri berangoztarra da azken talde horren arduradunetako bat; Getxoko lehen taldeko jokalaria izandakoa da, eta, Gizarte Hezkuntzako Gradua amaituta, kirol horren bitartez inklusioa ahalbidetzeko proiektu bat garatzeko beharra ikusi zuen orain hainbat urte. Horren inguruko nondik norakoak azaldu dizkigu hemen.

Hasteko, nondik dator Bultza Liga egitearen ideia?

Gure klubetan talde inklusiboak genituen lau euskal talde elkartu ginenean hasi zen. Harremanetan jarri ginen, eta hainbat buelta eman genion ea zelan gara genezakeen euskal liga bat. Hainbat aldiz elkartu ondoren, lehiaketako egutegia garatu genuen, ligari izena jarri genion eta jolasten hasi ginen.

Zein da horren helburua?

Desgaitasuna duten pertsona guztiak elkarrekin bizi daitezen ingurune batean sartzea da proiektuaren funtsezko proposamena; baina, betiere, jakinda pertsona horiek jarduera jakin batzuk garatzeko dinamizatzaile baten laguntza behar dutela. Horretarako, errugbiko talde inklusibo batek desgaitasuna eta desgaitasunik gabeko pertsonek osatzen dute, eta hor hasten da proiektu honen alderik ederrena.

Inklusioa sustatzeko aitzindariak izango zarete horren bitartez. Zergatik ez da hori lehenago bultzatu?

Jendarteak aurrera egin du pertsona horien gizarteratzeari dagokionez; lehen, gizarte berak baztertzen zituen. Nire ustez, haatik, erakunde askok oso lan garrantzitsua burutu dute, zeina eskoletara heldu den, eta haurrengan naiz helduengan nabaritzen da.

Getxoko taldearen kasuan, zer-nolako pertsonek parte hartzen dute talde horretan?

Ez zait gustatzen nire jokalarien desgaitasunez hitz egitea; bai, ordea, beraiek dituzten gaitasunez: esaterako, egunero egiten duten lanaz eta kirol arloan, kasu honetan, errugbian, esfortzuaren poderioz beste edozein kirolari profesional bezala izatearen nahiaz. Ahalegin honek guztion parte hartzea eta laguntza eskatzen du.

Noiz hasi zineten hori garatzen?

2016-2017ko denboraldian hasi ginen Getxoko taldean proiektu honekin. Hilabetean behin, Getxoko hainbat elkarterekin gelditzen ginen, eta, apurka-apurka, hilabetean zehar entrenamendu egun gehiago jartzen joan ginen. Hala, 2017ko hasieran jokatu genuen gure lehenengo partida, Bilbon.

Zure kasuan, zergatik batu zara zu proiektu horretan?

2016an Getxo Rugbyko lehen taldean jolasteari utzi nion, eta, momentu horretan, gizarte-integrazioko gradua ikasten nengoen. Errugbiaren munduan murgilduta jarraitzeko ideia nuenez eta giza-integrazioaren mundua gustukoa dudanez, gradu amaierako lanean proiektu soziala aurkeztearen aukera irten zen.

Hasieratik oso garbi neukan errugbi inklusiboko proiektua izango zela. Honako hau bukatzerakoan, klubeko zuzendaritzan aurkeztu nuen, eta martxan jarri zen. Betiere, klubeko jende askoren laguntzari esker.

Nola hasi da jendea animatzen horretan parte hartzera?

Klubeko jendea oso animosoa da eta, egia esanda, proiektuan parte hartzen duten guztiek konpromiso sozial handia dute. Errugbia eta integrazioa uztartzeko aukera ikusi zuten, jendeari oso lagungarria suertatuko litzaiokeen tresna bezala. Gerora, erraza izan zen jendea gurekin jolas dezan konbentzitzea.

Zelakoak izaten dira entrenamenduak?

Asteazkenero entrenatzen dugu, 19.00etatik 20.00etara, Faduran. Horiek edozein errugbi-entrenamendu bezalakoak dira; ez da ezer aldatzen. Oso garrantzitsua da bideratzailearen lana, ezinbestekoa esango nuke; izan ere, horiek gabe ez genuke inklusiorik izango: desgaitasuna duten pertsonei entrenamenduetan laguntzen diete, nola kokatu edota jokatu behar duten azaltzen diete; halaber, desgaitasuna duten jokalari batzuek, urteen poderioz, errugbiaren ikaskuntza barneratu dute eta dinamizatzailearen laguntza horri behar izateari uzten diote.

Liga joan den aste-akabuan hasi da, baina, horren aurretik, askotariko partiduak jokatu dituzue. Zelakoa izan da esperientzia?

Bultza Ligak hiru urte martxan daramatza talde inklusiboak dituzten klubei esker: Hernani, Gaztedi, Uni Bilbao eta gu geuk. Esperientzia ikaragarria izan da, eta helmuga da elkarlana burutzea talde guztien artean kirol eta gizarte justuago bat lortzeko.

Zer suposatzen du mota honetako talde bat osatzea parte hartzaileentzako?

Nire ustez, parte hartzen dugun gehienontzat oso esperientzia aberasgarria da. Denok ikasten dugu zer edo zer, bai desgaitasuna dutenek zein ez dugunok. Beti eramaten dugu ikasketa berriren bat, eta toleranteagoak izaten laguntzen digu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun