Naiomi Matthews borrokalari getxoztarrak urrezko domina bi irabazi zituen joan den irailaren akabuan Grapplingeko Munduko Txapelketan. Izan ere, euskal ordezkaria grappling gi –kimonoagaz– eta grappling –kimonorik gabe– modalitateetan aritu zen, eta bietan gailendu zen. Orain, jiu jitsu brasildarreko onena izendatu gura du bere burua, eta, horretarako, eguenean lehiatuko da Abu Dhabiko Munduko Txapelketan (Abu Dhabi World Pro Jiu Jitsu Championship).
Getxoztarrak gogoratu duenez, lehiaketa hori iaz jokatzekoa zen, eta hainbat ekimen eta zozketa abiatu zituen dirua batu eta bertara joan ahal izateko. Izan ere, deitoratu dutenez, berak ez du inolako babeslerik ezta diru-laguntzarik, eta bere poltsikotik ordaindu behar izaten ditu lehiaketa guztiotan parte hartzeko gastu denak. Iazkora ezin izan zen joan; oraingoan, baina, azkenengo txapelketako domina bien zapore gozo eta indar guztia batuta egingo dio aurre erronka berriari.