Lope de Vegako auzia

Eraisketari Ez-Romo plataforma: "Zergatik horrenbeste ahalegin egin eraikinak botatzeko eta Getxoko auzo behartsuenari konponezineko kaltea egiteko?"

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 19a, 18:19

Besteak beste, eraikinakaz zer egin behar den erabakitzeko herri galdeketa egitea aldarrikatzen du plataformak. © ROMO PLATAFORMA

Getxoko Udalak Belaunaldien Arteko Zentroa eraiki gura du Itzubaltzeta/Romon, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz; eta, horretarako, Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko udal-eraikinak bota beharko ditu. Horren aurrean, horiek eraisteak auzoari "kalte" egingo diolakoan, Eraisketari Ez-Romo plataformak mobilizazioa egingo du bihar, zapatuan, 13:00etan, Areetako Xake plazan. Joseba Lekunberri talde horretako kideak borroka horren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Lope de Vega kaleko 12. zenbakiko eraikinak kontserbatzearen aldeko mugimendua zarete, 2017tik. Zergatik sortu zenuten taldea?

2016ko abenduaren 15ean egindako bilera eratzailean, lehenengo helburua, aho batez adostua, honakoa izan zen: Ibar Nagusien Etxea, Romo Kultur Etxea eta Getxoko Udal Euskaltegia barne hartzen dituen eraikinak –Lope de Vega Kalean, 12a eta 12b zenbakian kokatua– herritarren zerbitzurako mantentzea. Batetik, arrazoi urbanistiko eta historikoengatik, eta, bestetik, biztanleriak behar dituen ekipamendu sozialak lortzeko asmoz.

Halaber, auzoetarako informazio kanpaina bat martxan jartzea erabaki zen, kartelez, liburuxkak, argazkiak, bideoak edota beste edozein adierazpen-tresnaren bidez, "ERAISKETARI EZ!- NO AL DERRIBO – HERRIARENA DA" lemarekin. Kanpainaren helburua euskarri posible guztiak biltzea izan zen, ondare kultural, historiko eta asistentzialaren mantentzearen alde.

Zergatik dira horren garrantzitsuan auzoarentzat eraikin bi horiek?

Bistan da eraikin sinpleak direla, eta diseinu apartekorik ez dutela. Hala ere, eraikin horiek erreferenteak dira auzoaren iragan historiko jakin baten testigantza direlako, eta haien ibilbidea beti egon da auzoko bizitza sozialarekin lotuta.

Lope de Vegako eraikinak Itzubaltzeta/Romoko alde zaharrean kokatuta daude. Eraikin horiek ez dira auzoko zaharrenak, baina auzoaren jatorriaren parte dira: Etxe Merkeak, 1924koak dira, eskola zaharrak eta kapera –gaurko euskaltegia eta nagusi etxea– 1935koak eta San José eliza 1959koa. Gure zentro zaharretik geratzen zaigun apurra da; ondare hori zaindu egin behar da, gure auzoa nolakoa izan zen kontatzen baitigute.

Iragana gure memoria kolektiboaren emaitza da, eta guretzako zentzu bat du, bizi garen gizartea hobeto ulertzen laguntzen digu, nortzuk garen eta nondik gatozen jakiten defendatzen eta jakiten ondare balioa non dagoen.

Txosten batzuen babesa duzue ez eraistea aldarrikatzeko. Zer diote idazkiok?

Bai, hala da: Arkitektoen iritziak, Euskal-Nafar Arkitektoen Elkargo Ofizialaren txostena eta baita OSALDEren txostena.

2014ko urrian, Deia egunkarian, Javier Cenicacelaya eta Iñigo Solaun arkitektoei egindako elkarrizketa argitaratu zen: "Tirar lo que vale es una actitud de nuevo rico paleto" izenekoa. Beste gauzen artean, honakoa esan zuten: "Gaurko testuinguruan, ezinbestekoa da eraikinak gizartearen beharrei erantzutea, eta ez bakarrik pieza estranbotikoak nahi dituzten politikariak"; eta jarraitzen zuten: "Iraganeko herentziari eutsi, hirien nortasuna eta aurre-existentzia gorde".

Arkitekto horiek dira Foru Jauregia zaharberritzen ari direnak dira, eta Rafael Manzano sari ospetsua jaso dute.

Beste alde batetik, 2015eko otsailean, COAVN (Euskal- Nafar Arkitektoen Elkargo Ofizialak) 18 orrialdeko txostena egin zuen, Carta de Amsterdam izeneko filosofian oinarrituta. Horrek argi uzten du ez direla bakarrik babestu behar monumentu eta obra arkitektoniko handiak, baita pertsonen historia eta bizitza lotzen dituzten eraikinak eta espazioak ere. Auzoaren erdigune moduan zehazten du: Etxe Merkeak, Nagusien Etxea, Kultur Gela Udal Euskaltegia eta Eliza. Era berean, baieztatzen du eraikin horien egitura egoera onean daudela eta kalitate oneko materialaz egina. Eraikinen errehabilitazioaren alde azaltzen da baita ere.

2018ko apirilean argitaratutako OSALDEren txostenaren  arabera, Nagusien Etxeak bertara joaten diren pertsonei bizi-kalitatea ematen die, eta hori da azpimarratzen duena. Argi eta garbi esaten du sozializazioak eta ekintzak garrantzi handia eragiten duela haien ongizatean, eta, beraz, kognitiboan, osasun mentalean eta fisikoan, aldi berean, mendekotasun zorrotzak atzeratzen dituela.

Azkenik, 2018ko urrian, Euskal-Nafar Arkitektoen Elkargo Ofizialak, berriro ere, ohar bat idatzi zuen azpimarratzen zuena Etxe Merkeak, Lope de Vegako 12a eta 12B eraikinak eta Parrokiak osatzen duen multzoak balio arkitektonikoa duela.

Halaber, eraistearen kontrako herritarren milaka sinadura bildu dituzue. Zer egin duzue horiekaz?

Eraisketari EZ-Erromo plataformak aurtengo maiatzean idazki bat erregistratu zuen Getxoko alkateari zuzendua, tokiko administrazioaren arduradun eta Getxoko udalerriko legezko ordezkari gisa, eta kopia bat Getxoko Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztientzat. Idazki horretan, alde batetik, jasotako 4.000 sinadura baino gehiago eman zitzaizkion, Lope de Vega kaleko 12. zenbakiko eraikinak kontserbatzeko eta eraikin horiek eraisteko edozein saioren aurka egiteko, Itzubaltzeta/Romoko ondare historikoa baita. Bestetik, instalazio itxiak (babespeko apartamentuak eta euskaltegiaren eraikina) berehala irekitzeko eskatu zaio, eta baita haien beharrei erantzuten dieten auzoko proiektu errealetarako erabiltzeko ere, eraikinak eta ingurua errespetatuz.

Udalari ere zuen eskaera helarazi diozue, eta, besteak beste, herri-galdeketa aldarrikatu duzue; zein izan da Udalaren erantzuna?

Erantzun? Ez du ezer erantzun. Aldundiarekin zuen akordioa bidali besterik ez du egin.

Zer erabilpen ematen zaie gaur egun eraikin horiei?

Gaur egun, Udalaren erabakiaz, itxita daude tutoretzapeko apartamentuak eta euskaltegia. Nagusien Etxean, aldiz, bai egiten dira adin nagusiko partaidetzarekin hainbat ekintza, tailer ugari, txangoak, nagusientzako jantokia, etab. Administrazioak eraikinak botatzearen aldeko apustua egin duenez, auzoa ondare historiko gabe geldituko da; kontuan hartu behar dugu eraikinak erabilera sozialerako egin zirela, eta, modu berean, indarrik gabe beste geratuko dira proiektu batzuk auzoarentzako egin litezkeenak.

Udalak horiek bota nahi ditu belaunaldien arteko zentro bat egiteko. Beharrezkoa al da hori? Zeintzuk alternatiba daudela uste duzue?

Zehaztugabeko "belaunaldien arteko zentroa" eraikuntza Bizkaiko beste edozein lekutan eraiki daiteke, auzoari ezinbesteko zerbitzua ematen dion ekipamendua (Lope de Vegako eraikinak) hondatzeko beharrik gabe; gure ondare arkitektonikoa, historikoa eta soziala hondatu barik. 

Eta gure galdera da: "Zergatik horrenbeste ahalegin egin eraikin horiek botatzeko eta Getxoko auzo behartsuenari konponezineko kaltea egiteko?".

Auzoaren zeintzuk behar asetzeko erabili daitezke eraikinok, zuen ustez?

Plataforma eraikinak bota ez daitezen eta haien erabilgarritasun sozialerako erabil daitezen aldarrikatzeko eta lan egiteko eratu zen. Ez dugu planteatzen zer jarduera edo jarduerak garatu behar diren gaur egungo itxita dagoen eraikinean. Argi dago adinekoek, gazteek, gizarte-taldeek (kultura, dantza, astialdia...) espazioak behar dituztela beren beharrak asetzeko eta beren proiektuak garatzeko. Herriak erabakiko du zer erabilpen eman behar zaien.

Orain arte, askotariko mobilizazioak egin dituzue zuen aldarrikapenak gizarteratzeko; hurrengoa zapatuan izango da. Zer egingo duzue hemendik aurrera?

Abenduan beste elkarretaratze bat antolatuko dugu, Gabonak baino lehen. Kuña bat grabatuko dugu herritik megafonia pasatzeko, eta herri galdeketa bat egitearen aldeko eragileekin elkartuko gara hori nola gauzatu zehazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun