Lope de Vegako auzia

Datorren urteko udaberrian hasiko dira Belaunaldien Arteko Zentroa eraikitzen

Iker Rincon Moreno 2021ko ots. 18a, 13:18

Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dauden eraikinak eraitsi beharko dituzte zentro berria egiteko.

Itzubaltzeta/Romoko Belaunaldien Arteko Zentroa eraikitzen hasiko dira 2022ko udaberrian, eta hura zabalduko dute 2024ko udaberrian, 24 hilabeteko lanen ondoren. Lope de Vega kaleko udal-eraikinak aurten eraistea aurreikusi dute, urte amaieran.

Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak zenbait xehetasun eman ditu Itzubaltzeta/Romon egingo den Belaunaldien Arteko Zentroa nolakoa izango den azaltzeko. Aurreproiektuak aurreikusten duenez, Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dauden eraikinak eraitsiko dira, eta bloke berri bat eraikiko da, sotoa, beheko solairua, lau solairu eta teilatupe bat izango dituena, gazteak eta adinekoak elkarregaz biziko diren gune komunez bereizita.

Aldundiak azaldutakoaren arabera, adinekoentzako 100 plaza prestatuko dituzte gune horretan, 76 banako logelatan eta 12 gela bikoitzetan; eta gazteentzako alokairuzko 40 apartamentu. Inbertsioa 13 milioi eurokoa izango da.

Pradalesen kalkuluen arabera, Itzubaltzeta/Romo auzoan kokatuko den, eta auzoari irekita egongo den, zentro "berritzaile eta aitzindaria" 2022ko udaberrian eraikitzen hasi ahal izango da, aurreikusitako epeei eutsiz gero; hala ere, aurretik eraikinak eraisteko proiektuak, eraikuntza-proiektua eta obra-zuzendaritza lizitatu beharko dira.

Diputatuak uste du enpresa esleipenduna hiru edo lau hilabete barru behin betiko proiektuan lanean has daitekeela, eta, horrek, urte honen amaieran eraiste-fasea hastea erraztuko lukeela. Hala, aurreikusitakoaren arabera, zentroa 2024ko udaberrian irekita egongo litzateke, 24 hilabeteko obraren ondoren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun