Nondik dator mota honetako dokumental bat egitearen ideia?
PELLO SERON: Ikus-entzunezko Gradua egin dut nik, eta beti izan dut mota honetako gauza bat egiteko grina. Unairekin batera, hainbat lan egin ditugu, eta proiektu hau egitea bururatu zitzaigun. Bera hizkuntzalaria da, eta, euskara oinarri hartuta, ikus-entzunezkoen eta hizkuntzen mundu bi horiek batzen dituen dokumental hau egitea erabaki genuen.
UNAI ZABALLA: Ni beti egon naiz interesatuta inguruotako euskaran, eta Getxoko euskalkia jorratu nuen gradu amaierako lanean. 1992an, hemengo euskararen hiztegia batzeko ikerketatxoa egin zuten, eta 2014an, egoera aztertu nuen berriro ere. Pello eta biok aspaldi genuen ideia hori guztia batzeko, eta, kasualitatez, Getxoko euskararen inguruan oinarrituta beste istorio bat kontatzeko historiarekin egin genuen topo.
Bertoko euskararen nondik norakoak batzeko lan bat egin guran sortu dute gazte biek dokumentala. Beren ekipoaz baliatuta, joan den otsailean ekin zioten grabaketa-lanak antolatzeari.
Zelan deskubritu zenuten hori, eta zergatik erabaki zenuten hasierako ideiari buelta ematea?
P.S: Hasierako ideia zen getxoztarrez berba egiten zuten hiztun horiei elkarrizketak egitea, informazio hori bildu eta, horrekin, dokumental bat egitea. Baina, Itxaso Paiarekin hitz egiterakoan, berak komentatu zigun uste zuela Larrañazubi aldean bazegoela getxoztarrez hitz egiten zuen gizon bat, eta han bizi zela, etxalde batean. Gaiaz interesatuta, bertara hurbildu ginen.
Hainbat egun eman genituen bertan, joan-etorrian, Juanan, baserritar jubilatua, eta berarekin dabilen Beñat, 34 urteko gazte kaletarra, ezagutzeko. Ikusi, entzun eta bizi izan genuenaren ondoren, erabaki genuen dokumentalak han bizi zenaren ingurukoa izan behar zuela; hor dagoen transmisioa asko interesatu zitzaigun, eta hasierako ideia aurreragorako utzi genuen.
U.Z: Bai, gainera, Getxo Akordaten Naz 1 eta 2 lanak egon badaude, eta, hala, ikusi genuen aukera bat modu ezberdin batean hori batzeko eta kontatzeko; herritarrentzat aberasgarria izan zitekeela pentsatu genuen, baina ez bakarrik euskalki honen berri izateko, baizik eta baserritarren errealitatea ezagutzeko ere.
Beraz, hauxe litzateke proiektu handiago baten aurrekaria?
P.S: Bai, hori da. Gure asmoa da hauxe kontakizun handiago baten hasiera moduko bat izatea.
Dokumentala Lekeition aurkeztu dute aurrenekoz, hilaren 20an, 44. Euskal Zine Bileran. Hala ere, azaroaren 29an, Muxikebarri Antzokian ere estreinatuko dute: bost egunez, 10 emanaldi egingo dituzte, euskaraz, baina euskarazko eta gaztelerazko azpitituluakaz.
Sakondu ezazue horretan; zer erakutsiko duzue dokumental horretan?
P.S: Yauri Etxalde hiru zatitan banatuta dago. Lehenengoan, oroitzapenen partean, Juanan da protagonista, eta azalduko du zelan bizi zen familiarekin baserrian, zelako harremana zuen amarekin, ohiturak, etab. Bigarren partean, aldiz, Beñatek hartuko du lekukoa, gaur egungo egoera azaltzeko; horretan, modernitatearen eta tradizioaren arteko nolabaiteko talka ikusiko dugu: egiteko modu ezberdin bi. Azkenik, hirugarren zatian, umeak eta etorkizuna izango da gaia; gaur egun proiektu batzuk garatzen ari dira bertara neska-mutilak eramateko eta baserri-mundua ezagutarazteko; transmititzeko. Horren guztiaren arteko lotura egin nahi izan dugu, Juananetik umeetaraino, eta, tartean, euskara zubi-lana izanda.
U.Z: Euskara garrantzitsua da lan honetan, bertan getxoztarra erabiltzen dutelako, eta inguruotan jende askok oraindik ez dakielako bertoko euskalki bat dagoenik; Uribe Kostan, orokorrean, gure hizkera propioa dugula dakite gutxi batzuek bakarrik. Eta horixe erakutsi nahian topatu genuen errealitate hau. Horrela, gure euskalkia erakusteaz gainera, baserriaren mundua eta belaunaldiz belaunaldi egindako transmisio hori aurkeztu nahi izan dugu. Izan ere, globalizazioarekin, ahaztuta dugu zer garrantzitsua izan den baserria gurean, eta zer inportantea den oraindik ere.
Zein zailtasunei egin behar izan diezue aurre dokumentala egiterakoan?
U.Z: Oso dokumental xumea da; gure baliabide teknikoekin garatu dugu, baina gutxi horrekin, mimo handia jarrita, gure aletxoa jarri nahi izan dugu kontatzen dugun horretan.
P.S: Izan ditugun baliabide murritzak kontutan hartuta, dena nahiko ondo atera da; gauzak erraz jarri dizkigute. Sei egun eman ditugu etxaldean grabatzen, eta oraindik ere aldiro joaten gara haiei bisita egitera; harremana mantendu nahi dugu.
Zein izan da bakoitzaren papera grabazio-lanetan?
P.S: Orokorrean, bion artean egin dugu guztia. Ni izan naiz kamera erabili duena, eta Unai elkarrizketatzailea. Baina, gero, editatzeko eta gidoia prestatzeko momentuetan bion artean egin dugu dena. Orain, lanaren berri emateko ere, biok gaude buru-belarri sareetan.
Trailerra:
Euskarak garrantzi handia du dokumentalean, eta Euskararen Egunera begira, Getxoko Muxikebarri Antzokian aurkeztuko duzue lana, ezta?
P.S: Bai, bost egunean hamar sesiotan proiektatuko dugu dokumentala, eta, emanaldien ondoren, 40 minutuko solasalditxoak egingo ditugu bertaratuko direnekin. Ostiralean, abenduaren 3an, gainera, protagonistak –Juanan eta Beñat– egongo dira ere, eta eurekin hitz egiteko aukera izango dugu denok.
Zer jorratuko duzue solasaldi horietan?
U.Z: Batez ere, bertan aterako diren zalantzak, betiere euskara ardatz izanda. Baina, besteak beste, transmisio hori, baserrien mundua, gaur egungo egoera... Guretzako, interesgarriena da jendeak historia hau ezagutzea, gure euskara propioa daukagula, eta, erakundeek euskara batua sustatzen duten bitartean, gurea hor dagoela, baztertuta, erdi galduta. Orduan, azpimarratu nahi duguna da hori zaindu behar dugula, herri-mailan behintzat.
Zeintzuk berezitasun ditu Getxoko euskarak?
U.Z: Getxoztarra, izatez, mendebaldeko euskara da. Dokumentala egin aurretik, Koldo Zuazorekin egon ginen elkarrizketatxo bat egiten, nahiz eta hori Yauri Etxalden agertuko ez den, bertoko euskararen nondik norakoak ezagutzeko. Bada, getxoztarrak Uribe Kostako ezaugarri gehienak ditu, hala nola hitzen amaierako marka desagertzea: bason (basoan), etxen (etxean)... Horiek entzun daitezke dokumentalean, baita baserriko neurriak, besteak beste, azunbrea.
Protagonistek emaitza ikusi dute daborduko?
U.Z: Bai, eta harrera oso ona izan da euren partetik. Pilo bat gustatu zaie, eta guretzako oso hunkigarria izan da hori; emaitza ikusi zutenean, euren jarrera hori ikustea izan zen guretzako pozgarriena.
Yauri etxaldea
Dokumentalak tradizioa eta modernitatearen arteko lotura aurkeztu gura du. Juananek, mendez mende transmititutako eta berak jasotako ezagutza partekatu dio Beñati, eta honek, bere aldetik, gauzak egiteko modu berriak eraman ditu etxaldera. Lehenengoak 68 urte eman ditu bertan animaliak hazten eta lurra lantzen; hala ere, orain, erretiroa hartu eta Beñat hasi da bertan lanean, 34 urteko gazte kaletarra.