Erretiroa hartu zuenean hasi zen euskara ikasten, nahiz eta aurretik hainbat saiakera egin: "Euskalduntzeko errezetarik onena euskaltegira joatea da, baina egunero joan behar da! Eta gero, aukeran, barnetegira!". Dioenez, euskara ikasteko inoiz ez da berandu, adinekoentzat ere ez: "Burua aktibo izateko modurik eraginkorrena da, euskara ikastea edozein pilula hartzea baino hobea da buruarentzat!".
Aurrez aurre euskaraz berba egiteaz gain, online ere mingainari eragiten dio algortarrak, Mintzanet plataformaren bidez. Besteak beste, Floridan (AEB) bizi den Pedro Mari Sardui zesta-punta pilotariagaz batzen da, bizkaieraz eta guzti! "Eguaztenero batzen gara ordu eta erdiz euskara praktikatzeko. Biak sukaldariak gara gainera!".
Onandia lanbidez kontratista izan da, baina beti izan du euskararekiko maitasuna: "Euskara da euskaldunok dugun altxorrik handiena". Bere emazte, seme-alabak eta bilobak euskaldunak dira, eta bera ere, bidean... "Emazteak esaten zidan liburuak bezala egiten nuela berba. Berak dioen bezala, ‘pazientzixe’ handia izan du nigaz". Argia Ereiten saria euskara ikasten ari diren guztiei eskaini gura izan dio: "Batik bat nagusientzat, zelako esfortzua den euskara ikastea... Baina zelako poztasuna dugun gero euskaraz berba egiterakoan!".