Terrazen ezohiko baimena luzatu eta erregeen kabalgata bertan behera utzi du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2021ko abe. 30a, 15:32

Pandemiaren gaiztotzeari aurre egiteko neurri berrien harira, Getxoko Udalak erabaki du ostalaritzako lokalen kanpoaldeko terrazen ezohiko baimena luzatzea eta erregeen kabalgata bertan behera uztea. Azken horren ordez, harrerak egingo dituzte Muxikebarri Antzokian eta Romo Kultur Etxean urtarrilaren 4an eta 5ean; horietarako aldez aurretiko hitzordua hartu beharko da.

Getxoko Udalak bere lokalen kanpoaldean terrazak zituzten udalerriko ostalaritza-establezimenduei aldi baterako eta ezohiko baimena luzatzea erabaki du –baimen hori bihar, abenduaren 31n, amaitzen zen–. Neurri hori hartzea erabaki dute agintariek joan den martitzenean Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria argitaratu ondoren; hala, baimen hori mantendu egingo da ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan edukiera murrizteko nahitaezko araudia dagoen bitartean, edo jarduera mugatzen duten arauak dauden bitartean, besteak beste: barran zutik kontsumitzeko debekua, mahai edo mahai-talde bakoitzeko bezero-taldeen gehieneko kopurua zehaztea.

Errege kabalgata bertan behera

Segurtasun-neurri berriak ere kontuan hartuta, erregeen kabalgata bertan behera geratu da. Horren ordez, harrerak egingo dituzte Muxikebarri Antzokian eta Romo Kultur Etxean, aldez aurretik hitzordua eskatuta, txikienek haiengana hurbiltzeko aukera izan dezaten. Harrerak urtarrilaren 4an eta 5ean izango dira, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 21:00etara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun