Elkarrizketak

"Bakarka agian ez gara beste bertsolarien parekoak, baina taldean moldatzen gara"

Ander Zarraga 2022ko urt. 24a, 13:02

J. Diaz, M. Arrate, P. Lago, M. Lago, P. Irastorza eta O. Diaz, Uribe Kostako bertsolariak.

Uribe Kostako taldeak Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Saria irabazi zuen 2021eko azaroan, Lea Artibaiko taldearen aurka egin zuten finalean. 

Uribe Kostako taldeak Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Saria irabazi zuen 2021eko azaroan. Maialen Lagok, Peio Lagok eta June Diazek osatu zuten 18 urtez azpikoen taldea; aldiz, 19 eta 26 urte bitarteko kideak izan ziren Mikel Arrate, Oihan Diaz eta Peru Irastorza. Uribekostarrek aurrez aurre izan zuten Lea Artibaiko taldea, eta 443,5eko puntuazioagaz gailendu ziren, bi puntuko aldeagaz; beste taldeak 441,5 puntu eskuratu zituen. Saioaren epaimahaia osatu zuten Beñat Romerok, Leire Etxebarriak eta Miriam Juarisitik. Aldiz, idazkari lanetan aritu zen Idoia Anzoradia eta saioaren aurkezlea Igor Menika izan zen.

Taldekide gehienek Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan parte hartu dute, beraz, gazteak izan arren, txapelketak ez dira gauza berria eurentzako. "June da ibilbide gehiena duena, azken eskolarteko txapelketan bigarrena geratu baitzen", azpimarratu dute bere taldekideek.

ALBEko ikasleak

Taldea osatzen duten sei bertsolariak getxoztarrak eta ALBEko ikasleak dira. Azpimarratu dutenez, bertso-eskolak egiten duen lanari esker belaunaldi berriak indar handiagaz datoz: "ALBEk lan handia egiten du belaunaldi berriak bertsolaritzara erakartzeko: hainbat saio eta eskola egiten dituzte eskualdean, eta ikastetxeekin ere elkarlan nabarmena egiten dute".

Giro onak erakarrita:
"Gure aurretik ere belaunaldi nahiko handi bat egon da eskualdean, eta, nerabeak izanda, asko erakartzen gaitu daukaten giro onak eta egiten dituzten jarduerek. Ondo dago ere eskualdean bertsolari beteranoagoak daudela ikustea, baina gehien erakartzen duena da beste bertsolari gazte batzuk ikustea"

Gainera, horrelako txapelketek belaunaldi berriei erreleboa hartzera animatzen dietela aitortzen du Mikel Arratek: "Txapelketak ikustea klaseetara joatera animatzen zaitu, eta, gero, saioetan parte hartzeko ere deitzen zaituzte; beraz, guri ondo datorkigu horrelakoetan parte hartzea". Hala ere, hainbat bertsolari gazte egoteak bere alde txarra ere baduela diote, ez baitago plaza nahikorik guztientzako. Horretarako konponbidea argi daukate: "Plaza gehiago egon beharko litzateke, pandemiak hori asko baldintzatu arren".

 

Txapelketan, Uribe Kosta baino euskaldunagoak diren eskualdeetako bertsolarien aurka lehiatu behar izan dira, baina horrek ez ditu kikildu. Beste taldeetan gertatzen den ezbezala, hasieratik hasi ziren seiak mantendu dira finalera arte. "Guk etengabe elkarrekin kantatu dugunez, horrek ere lagundu digu elkartzen eta gauzak hobeto egiten".  Azaldu dute herri ez hain euskaldunetan bertsolaritzan sartzeko erreparo gehiago egon daitekeela, baina eskolak egiten duen lana berebizikoa dela azpimarratu du Oihan Diazek: "Aspaldi, Josu Landeta etorri zitzaigun ikastolara, eta gurekin aritu zen bertso-eskolak ematen; horrek, gazte asko erakarri zituen, eta batzuk ALBEn bukatu genuen".

June Diazek, bere aldetik, azaldu du prozesu horretan askotariko etapa batzuk ere badaudela: "Ikastolak behartutako ikasgaitik hasita, gero, ikastoletan egiten diren bertso-eskolak, eta, azken pausoa, ALBEra etortzea da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun