Borroka-kirolaria

Beste behin ere, Basque Teamek beka ukatu diola deitoratu du Naiomi Matthews munduko txapeldunak

Iker Rincon Moreno 2022ko urt. 25a, 19:47

Naiomi Matthews, atzean dominak dituela.

Goi mailako kirolaria da Naiomi Matthews; borrokalaria, zentzu bietan: kirolean zein bizitzan. Azken urteotan, askotariko dominak ekarri ditu etxera, azkenak grapplingeko Munduko txapelketako urre bi. Hala ere, deitoratu duenez, oraindino ez du "behar besteko" laguntzarik jaso Eusko Jaurlaritzaren partetik: "Espainiako Federazioko borrokalari bakarra naiz bere erkidegotik inolako laguntzarik jasotzen ez duena".

Borroka-modalitate ezberdinetan lehiatzen den kirolari getxoztarra da Naiomi Matthews. Hamaika domina eta titulu lortu ditu azken urteotan: joan den azaroan, grappling modalitatean munduko txapeldun izendatu zen Serbian, urrezko domina bi etxera ekarrita, eta Europako txapelketan urrezko eta brontzezko domina bana jantzi zuen, besteak beste.

Goi-mailako kirolari askok bezala, gastu askori egin behar dizko aurre maila gorenean mantentzeko. Dioenez, bere modalitateko Espainiako Federazioko kirolariek espainiar Estatuko txapelketetara joaten diren bakoitzean diru-laguntzaren bat edo beste jasotzen dute beren erkidegoetatik, "eta atzerrira joaten direnean jasotzen dituzten laguntzak are handiagoak izaten dira". Getxoztarraren kasuan, aldiz, ez du deusik jaso azken sei urteotan Eusko Jaurlaritzaren partetik, ezta Basque Teametik ere.

2016tik gaur egunera, EAEn federatuta egon da Matthews, eta behin baino gehiagotan eskatu ditu laguntzak bere jardunean aritzeko hemen. "Joan den deialdian, Basque Teamekoek esan zidaten hurrengorako –aurten– kontutan hartuko nindutela, baina, orain, berriro esan didate ez didatela laguntzarik onartuko", deitoratu du getxoztarrak.

Azken urteotan lortutako palmaresa ikusita, agintarien partetik jasotako erantzuna "errespetu falta galanta" dela deritzo borrokalariak, "gainera, beste lurralde batzuk ordezkatzeko aukera kendu didate, eta, horrexegatik, inolako bekarik jasotzeko aukera galdu dut beste behin ere".

Baina, zein da Basque Teamek emandako argudioa Matthewsi laguntzarik ez emateko? Bada, "Grapplinga ez dela kirol olinpikoa, nahiz eta Nazioarteko Olinpiar Batzordearen barruan egon", azaldu du getxoztarrak.

Laguntzen beharra

Naiomi Matthewsek dioenez, borroka-kirola bere bizitza da, eta maila gorenean mantendu ahal izateko "beharrezkoa" du laguntza ekonomikoren bat edo beste jasotzea, "baina inoiz ez dut halakorik jaso".

Horren ordez, egunero-egunero hainbat orduz entrenatzeaz gainera, lan egiten du, eta inoiz kamisetak edo askotariko materiala saldu ditu bere gastuak ordaindu ahal izateko. Azkenengo lehiaketarako, gainera, auzokide baten laguntza ekonomikoa jaso zuen bere ametsa egikaritzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun