Izadi umearen aita den Gutierrez preso algotarrari hirugarren gradua kendu izana salatu dute Getxon

Iker Rincon Moreno 2022ko ots. 16a, 12:37

Algortako Sarek deituta Getxoko epaitegien aurrean egindako ekitaldian, hainbat herritarrek deitoratu dute graduen errekurtsoak "mendekuaren politikan" oinarrituta daudela eta, Iñigo Gutierrez preso algortarraren kasuan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiak bi larrigarri dituela: "Izadi, hiru urteko umea, guraso barik geldituko dela kalean eta Gutierrezi bost hilabete besterik ez zaizkiola falta zigor osoa betetzeko". Hala, barikuan, hilaren 18an, egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Iñigo Gutierrez preso algortarrari gradu erregresioa ezarri eta bigarren graduan berriro espetxeratu dutela salatu dute gaur. Getxoko epaitegien aurrean egindako ekitaldian azaldu dutenez, Gutierrezi hirugarren gradua onartu zioten Aranjuezeko (Madril) espetxean, "espetxe-batzordeko kide guztien adostasunarekin". Horrela, Espainiako Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabakia ontzat eman zuen, eta Gutierrez kalera irten zen. Hala ere, astelehen honetan, Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki hori errekurritu eta bigarren gradua ezarri zioten.

"Hirugarren gradu horri esker, Izadi, bere alaba, aitarekin kalean egon zitekeen. Izan ere, iragan urtarrilaren 23an, hiru urte bete zituenean, kartzelatik irten behar izan zen umea, jaio zenetik bere ama den Maria Lizarragarekin bertan bizi ondoren", azaldu dute gaurko ekitaldian bildutakoek.

Azkenik, graduaren erregresioa "ulertezina" dela deitoratu dute, "bai lege- zein giza-parametroengatik". Izan ere, Gutierrezek legeak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren graduan egoteko, "are gehiago, baldintzapeko askatasunean egon beharko litzateke bere zigorraren hiru laurdenak bete zituelako 2019an".

Hori guztia dela eta, barikuan, hilaren 18an, protesta egiteko manifestazioa egingo dutela iragarri eta horretan parte hartzeko deia egin dute. Mobilizazioa 20:00etan hasiko da, Telletxe plazatik abiatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun