Ekimena 12:00etan hasiko da Poxpo eta Lintxo pailazoen saioagaz. Ondoren hizkiak margotuko dituzte, Joanes Igeregi eta Maddalen Markaida bertsolariek 22. Korrika eta 3. Euskaraldia aurkeztuko dituzte, eta 13:45ean getxoztarrek osatutako hizkien mosaikoaren argazkia aterako dute, "Hitza eta Ekintza" leloa zabaltzeko. “Udalak beste behin ere agertu nahi du euskararekin, gure altxorrarekin, duen konpromiso irmoa. Horregatik euskararen erabilera sustatzeko aurten izango diren bi jarduerarekin bat egin nahi dugu. Argi dago hizkuntza bat hitzekin osatzen dela. Hitza beharrezkoa da ohiturak aldatzeko eta ekintzak beharrekoak dira inguruan eragiteko. Horregatik 'Hitza eta Ekintza' leloa zabaldu nahi dugu, getxotarrok larunbateko ekitaldian parte hartzera gonbidatuz”, aipatu du Amaia Agirre alkateak.
Bestalde, Lohitzune Rodrigue, Korrikako Uribe Kostako arduradunak adierazi du Korrikaren 22. edizioa apirilaren 7an helduko dela Getxora, 6:20ak aldera: “'Hitzekin' da leloa, euskaldunok ondo dakigulako hitzen bidez ekiten dela, eta horren adierazle dira, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, aurtengo omenduak, 34 urtez euskaraz eta euskararen zabalpenean buru belarri arituak. Bidea luzea da oraindik normalizazioa eta euskalduntze osoa urrun daudelako, horregatik AEKtik herritarrak gonbidatu nahi ditugu Korrikan parte hartzera, batzordeetan, karreran, lekukoa eramaten… Izan gaitezen euskararen arnasgune. Sentitu, pentsatu, hitzekin!”.
Azkenik, Rozio Lucesek, Euskaraldiaren Getxoko batzordeko kideak, gogoratu du Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango dela "Hitzez ekiteko garaia" lelopean. "Ahobizi, belarriprest, irribizi eta ariguneok aurrerapausoak ematen jarraituko dugu hizkuntza ohiturak aldatzeko: ezagun eta ezezagunekin lehen hitzak euskaraz egingo ditugu, elkarrizketa elebidunetan euskarari eutsiko diogu eta lagunak euskaraz ulertzen badu euskaraz egingo diogu. Aurtengo Euskaraldiak hizkuntza ohituren aldaketan salto berri bat emateko hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu nahi du. Joxan Artze poetaren esaldi famatuak dioen bezala, dakitenek erabiliz gero, hizkuntza bat ez da galtzen. Hartu dezagun hitza eta ekin ekintzara!”.