Hamasei urte igaro dira udalerriko gazte talde batek Getxoko Galea inguruan hutsik zegoen eraikina okupatu zuenetik bertan gaztetxea sortzeko asmoz. Urteotan guztiotan, gune autogestionatuak askotarikoak bizi izan ditu, baita bertan militatzen ibili den gazte asanbladak ere.
Ohi legez, Aste Santuaren bigarren aste-akabuan Txorimaloren urteurrena ospatzeko jaialdia egingo dute oraingoan ere. Hala ere, 2022 honetan, festa berezia izango da, antolatzaileek iragarri duten bezala, “hasiera baten amaiera” izango baita.
Gazte asanbladako kideetako batek gogoratu duenez, joan den urtarrilean, Txorimaloko gazte asanbladak erabaki zuen gune autogestionatu horrek gaztetxe izateari utziko ziola eta beste gune mota bat bihurtuko zela. Hala, duela 16 urte abiatutako ibilbidearen inflexio puntu bat izango da aurtengo urtemugaren ospakizuna: “Gaur abiatuko dugun jaialdiarekin emango diogu amaiera gaztetxeari, baina bizirik jarraituko du beste modu batean, betiere hasierako autogestioaren eta herriari alternatibak eskaintzeko bideetan oinarrituta”.
Izan ere, urteurrena ospatzeko lanakaz batera, paraleloki, Joxemi Zumalabe Fundazioko kideakaz batera prozesu bat abiatu dute gazteek okupatutako eraikinari zer erabilera mota emango zaion erabakitzeko. “Asmo konkreturik ez dago, baina eseri, hausnartu eta bizitza eman nahi zaio eraikin horri”, dio gazte asanbladako kideak. Interesa duen orok du aukera prozesu horretan parte hartzeko.
Gune berri baten beharra
Gaztetxearen 16 urteotako ibilbidearen balorazioa positiboa dela diote gazte asanbladakoek, eta, horrexegatik, eraikinari bizitza berri bat ematearen aldeko apustua dagoela diote: “Gazteontzako eta herriarentzako erreferentzia bat izan da”. Izan ere, azpimarratu duenez, orain gutxi, udalerriko gazteek onartu zuten gunea aberasgarria dela oraindino, baina ez diola gaur egungo gazteen beharrei erantzuten, eta horrexegatik mahai-gaineratu zuten gaztetxe berri bat okupatzeko beharra Algortako erdigunean. Halere, bitartean, Txorimalo dena erabiltzen jarraitzeko beharra ikusi zuten, “herriguneak eskaintzen ez dituen baldintzak betetzen dituelako”. Beraz, Txorimalok bizirik jarraituko du, “baina oraindik definitzeke dagoen forma batekin”.