Lope de Vegako auzia

Romoko belaunaldien arteko zentrorako lehen izapidea onartu du Getxoko Udalbatzak

Erredakzioa 2022ko mai. 2a, 09:47

Herritarrek hainbat protesta egin dituzte urteotan eraikinaren eraistearen kontra.

Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) aurrera atera du Romoko Lope de Vega kalean lekutuko den etorkizuneko belaunaldien arteko zentroa egiteko lurzatiaren xehetasun-azterketa. PP abstenitu egin zen joan den astean egindako osoko bilkurako bozketan; aldiz, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek kontra egin zuten.

Gaur egun udal-euskaltegi zaharra eta Ibar Nagusien Etxea hartzen duten eraikinen lur-eremuan egin gura du Getxoko Udalak azpiegitura berria. Horretarako, eraikinok eraitsi behar izango ditu. Horren harira, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos taldeek "gobernu-taldeak auzoan egin nahi duen inposizioa" deitoratu dute: "Horren ondorioz, ondarea galduko da, iragan historikoaren lekuko izan baita eraikina, komunitatearen zahartze aktiboaren eredurik onena izanik". Ildo horretan, gogoratu dute domeka honetan eraisketaren inguruko herri-galdeketa egingo duela auzo-elkarteek, eta jakinarazi dute bertan egongo direla, "zalantza barik, erreferendumera joango gara, eraikinaren eraispenaren alde edo kontra bozkatzera".

Bere aldetik, gobernu-taldeak nabarmendu du gai hori onestea "oso aurrerapauso handia" izan dela eraikina zerbitzu publiko baten beharrizanetara egokitzeko; hala, beteko dute bai Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako hitzarmena, bai legegintzaldi-planean jasotako proiektu bat. “Erakundeen arteko hitzarmenetik eratorritako fase batean gaude, zeinaren bidez erantzuna emango baitzaio gazteentzako zuzkidura-etxebizitzak (40) eta gure adinekoentzat egoitza-plaza publikoak (100) sortzeko beharrizanari, betiere inklusiboagoa nahiz kohesionatuagoa den gizartea eta belaunaldi artekoa lortzeko asmoarekin".

Gogoratu dutenez, proiektu aitzindari eta berritzailea da, gazteak eta adinekoak batera bizi daitezen eta elkarri eragin diezaioten. Halaber, azpimarratu dute ez dirudiela proiektua "horren txarto" bideratuta dagoenik, "Next Generation Europako funtsak jasoko ditugulako, aurreikusitako inbertsioaren ia % 99, alegia. Europak proiektua babesten du eta, hortaz, ezin gara horren erratuta egon”. Horrez gain, belaunaldi arteko zentroaren kokapenak duen garrantzia nabarmendu du udal-gobernuak, Romoko erdigunean egongo baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun