Aldundiak 13.263.405 euroko inbertsioa egingo du proiektu horretarako; munta horretatik, Foru Erakundearen kontura izango dira 9.938.775 euro; gainontzeko 3.324.630 euroak Getxoko Udalak jarriko ditu, martxoaren 5ean sinatu zen lankidetza-akordioan adostu ondoren.
Ekipamendu publiko misto berria Itzubaltzeta/Romo auzoan egongo da. Mistoa izango da eta, kalkuluen arabera, eraikitako 8.967 metro koadro hartuko ditu sestra gainean. Zentroan, batera, gazteentzako alokairuko 40 zuzkidura-apartamentu (2.308 metro koadro) eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako 100 egoitza-plaza (6.659 metro koadro) egongo dira.
Espainiar Estatuan ekimen aitzindaria izango da hori, "eta bizikidetza-eredu berritzailea garatzea aurreikusten du", arduradunen arabera. Eredu horretan, adin desberdinetako pertsonek eremu komunak partekatuko dituzte, eta elkarri eragin ahal izango diote, gizartearen eta belaunaldien arteko isolamendua saihestuz.