Domekan egingo dute Lope de Vega kaleko eraikinen etorkizunari buruzko herri-galdeketa

Iker Rincon Moreno 2022ko mai. 5a, 12:16
Eraikinak babesteko hainbat mobilizazio egin dituzte urteotan. © ROMO PLATAFORMA

Joan den apirilaren 3an egitekoak ziren Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinen inguruko herri-galdeketa. Halere, azkenengo momentuan, eguraldiaren iragarpen txarra zela-eta, hitzordua maiatzaren 8ra atzeratzea erabaki zuen Eraisketari Ez - Romo plataformak. Hala, domeka honetan egingo dute ekimena.

Joan den uztailean, Eraisketari Ez - Romo plataformak 4.000 sinadura baino gehiago batu zituen Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinen inguruko herri-galdeketa bat egin zezan eskatzeko Udalari; auzoko 17 kolektibok eta elkartek ere ideia hori babestu zuten. Hala ere, gobernu-taldeak eskaera hori onartu ez duela deitoratu du plataformak eta, hori dela eta, bere kabuz, domeka honetan auzokideei euren iritziak eskatzeko galdeketa egingo du taldeak.

Goizeko 11:00etatik aurrera, bozketarako gune finko bat jarriko dute Santa Eugenia plazan, 19:00ak arte. Gobela kiroldegian ere beste bat jarriko dute, 11:00etatik 13:00etara; Orixe plazan, 13:00etatik 15:00etara; eta Xake plazan, 17:00etatik 19:00etara. Horrez gainera, gune mugikorrak ere egongo dira jardunaldi osoan zehar.

Belaunaldien arteko zentro bat egiteko

Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kalean dauden Nagusien etxe eta euskaltegi zaharrak batzen dituen eraikinak bota gura ditu Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, belaunaldien arteko zentro bat egiteko. Horren aurrean, Romo plataformak deitoratu du "auzoko memoria historikoa suntsitu" egingo dutela, eta azpiegitura hori "Bizkaiko beste edozein lekutan" egiteko proposatu du, "Romo auzoari ezinbesteko zerbitzua ematen dion ekipamendua hondatu beharrik gabe".

Kontuak horrela, beste behin ere, Lope de Vega kaleko eraikinak eraisteko asmoa bertan behera utz dezatela eskatu dio Getxoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari: "Auzoarentzako benetako proiektuak nahi ditugu, haien beharrei erantzungo dietenak, gure eraikinak eta ingurua errespetatuz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun