Joan den uztailean, Eraisketari Ez - Romo plataformak 4.000 sinadura baino gehiago batu zituen Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinen inguruko herri-galdeketa bat egin zezan eskatzeko Udalari; auzoko 17 kolektibok eta elkartek ere ideia hori babestu zuten. Hala ere, gobernu-taldeak eskaera hori onartu ez duela deitoratu du plataformak eta, hori dela eta, bere kabuz, auzokideei euren iritziak eskatzeko herri-galdeketa egin zuen atzo, domekan, Itzubaltzeta/Romon.
Plataformako kideek azpimarratu dutenez, parte-hartzea "handia" izan zen atzokoa, eta sortutako giroa "benetan aldarrikatzailea". Guztira, 1.571 boto zenbatu zituzten, horietatik gehienak, % 98, eraistearen kontrakoak: 1.547 boto. Bederatzi bozka, aldiz, eraikinak eraistearen aldekoak izan ziren, 14, zuriak izan ziren, eta baliogabe bat zenbatu zuten.
Emaitzon aurrean, Eraisketari Ez - Romo plataformak ondorioztatu du eraikinok mantentzeko "sentsibilitate handia" dagoela herrian eta, ebidentzi horren aurrean, Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio birplanteatu dezatela belaunaldien arteko zentroa egiteko proiektua auzoaren erdian egitea, "herriaren borondatearen aurka".
Belaunaldien arteko zentroa
Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kalean dauden Nagusien etxe eta euskaltegi zaharrak batzen dituen eraikinak bota gura ditu Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, belaunaldien arteko zentro bat egiteko. Horren aurrean, Romo plataformak deitoratu du "auzoko memoria historikoa suntsitu" egingo dutela, eta azpiegitura hori "Bizkaiko beste edozein lekutan" egiteko proposatu du, "Romo auzoari ezinbesteko zerbitzua ematen dion ekipamendua hondatu beharrik gabe".
Kontuak horrela, beste behin ere, Lope de Vega kaleko eraikinak eraisteko asmoa bertan behera utz dezatela eskatu dio Getxoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari: "Auzoarentzako benetako proiektuak nahi ditugu, haien beharrei erantzungo dietenak, gure eraikinak eta ingurua errespetatuz".