Elkarrizketak

Bermejo eta Nafarrate: "Pena litzateke gure herrian gertatu diren istorio horiek guztiz galtzea"

Iker Rincon Moreno 2022ko mai. 31a, 12:36

Julen Nafarrate kazetariak eta Ines Bermejo artistak bultzatu dute ekimena.

Ines Bermejo artista eta Julen Nafarrate kazetari getxoztarrek bultzatuta, ekimenaren helburua da LGTBI+ kolektiboko adineko pertsonei ikusgarritasuna ematea. Horretarako, arte-erakusketa bat antolatuko dute, baina, laguntza eskatu dute istoriook jasotzeko,  guerebagara@gmail.com helbide elektronikora idatzita edota 687 245 352 telefono zenbakira deituta. Proiektuaz gehiago jakiteko, beraiekaz batu gara oraingoan.

Hasteko, nondik dator “Gu ere bagara” motako proiektua gauzatzearen ideia?

Aspaldi izan dugun kezka izan da. Ez dugu LGTBI+ nagusien errealitatea ezagutzen: nola bizi duten euren sexualitatea, zeintzuk diren euren bizipenak... Aldi berean, ez dugu ezagutzen Getxoko memoria sexu-askatasunari dagokionez: nola bizi zuten lehen LGTBI+ pertsonek euren orientazioa, non batzen ziren, zer nolako errepresioa jaso zuten... Hori guztia jaso nahiko genuke, edo behintzat gure ekarpena egin.

"Borrokan jarraitzea ezinbestekoa da, arlo eta espazio guztietan"

Zein egoera bizi du gaur egun LGTBI+ kolektiboak?

Azken urteetan ikusgarritasun handia irabazi du LGTBI+ borrokak, baina horren erabilera ere egiten ari dira erakundeak. Estereotipo bat sortzen ari da, eta kanpoan geratzen ari dira bazterreko guztiak: gorputz ez normatiboak, pertsona arrazializatuak... eta baita ere pertsona nagusiak. Ez da eurei buruz berba egiten, eta hori ere LGTBIfobia bada, nahiz eta zeharka edo ezkutukoa izan.

Eta gurera ekarrita, nolakoa da egoera hori?

Egia da gazte belaunaldiek batez ere askatasun handiagoarekin bizi dutela gaur egun euren sexualitatea, behintzat espazio jakin batzuetan, baina egia ere bada eraso LGTBIfobo ugari gertatzen ari direla gurean. Algortako inauterien kasua da argiena. Borrokan jarraitzea ezinbestekoa da, arlo eta espazio guztietan.

LGTBI+ kolektiboan, logikoa denez, adin guztietako jendea dago. Hala ere, nagusien egoera oso ezezaguna da askoren artean. Zeintzuk zailtasun aurreikusten duzue horien lekukotzak jasotzeko?

Egia esan erronka handia izango da lekukotza hauek jasotzea, oraindik orain estigmatizazio handia badagoelako LGTBI+ nagusien kasuan. Oro har uste dugu gutxi berba egiten dela nagusien arazoez; are gutxiago pertsona nagusien sexualitateaz; eta ezer ez LGTBI+ pertsona nagusien sexualitateaz. Guk horma horretan arrakala txiki bat egin nahiko genuke, ea lortzen dugun!

Noiz hasiko zarete testigantza horiek jasotzen?

Hasi gara jada, eta zaila izaten ari da egia esan. Baten batek elkarrizketa hau irakurtzen badu eta ekarpenen bat egiteko prest badago, gurekin harremanetan jartzera animatu gura dugu. Pena litzateke gure herrian gertatu diren istorio horiek guztiak galtzea, ez geratzea jasota, inolako aitortzarik ez izatea.

"Baten batek elkarrizketa hau irakurtzen badu eta ekarpenen bat egiteko prest badago, gurekin harremanetan jartzera animatu gura dugu"

Testigantzak artearen bitartez gizarteratu. Zelan egin gura duzue hori?

Arte erakusketa bat antolatzeko asmoa dugu udazkenean. Collage-aren teknika erabiliko dugu, aspaldiko argazkiak eta gaur egunekoak nahastuta. Hor bertan ere testigantzak eta istorioak irakurtzeko aukera egongo da.

"Baten batek elkarrizketa hau irakurtzen badu eta ekarpenen bat egiteko prest badago, gurekin harremanetan jartzera animatu gura dugu"

Proiektua hasi baino lehen, hainbat galdera bota dituzue: "Non elkartzen ziren Getxoko LGTBI+ kideak? Zer nolako kodeak eta berbak zituzten? Nolabaiteko talderik egon zen inoiz?" Erantzunak izan aurretik, baduzue horien inguruko informaziorik?

Egia esan informazio askorik ez dugu izan. Erreferentziaren bat badaukagu: Azkorriko pinudiarena da ezagunena gizonen kasuan (batzuetan ere irainak eta txantxak egiteko erabilia izan dena), eta tabernaren bat ere aipatu digute. Baina errepikatuena zera da: jendeak batez ere Bilbora alde egiten zuela bere sexualitatea askatasun handiagoarekin bizitzeko.

Zelan parte har daiteke egitasmoan?

Horretarako biderik egokiena zuzenean gurekin harremanetan jartzea da: guerebagara@gmail.com helbidean edota 687 245 352 telefono zenbakian. Gure helburua da parte-hartzaile guztiak eroso sentitzea, eta bakoitzaren beharrak eta sentipenak kontuan hartuko ditugu, noski.

Hori guztia egiteko, Getxoko Udalaren laguntza jaso duzue, ezta?

Bai, Getxoko Udalaren sormen beken deialdira aurkeztu ginen eta proiektuagaz aurrera egiteko diru-laguntza jaso dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun