Getxoko Udalak atzo, martitzen, goizean Ibar Nagusien Etxea elkarteagaz egindako bileran berretsi zuen Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren ondorioz eraikiko duten belaunaldi arteko zentro berrian (Lope de Vega, 12 eta 14) gune bat lagatzeko prest dagoela. Aurreikusitako proiektuagaz aurrera egin ahal izateko, elkarteak ekainaren 24an utzi beharko du eraikina, Aldundiak azpiegitura berria eraikitzeko beharrezko izapideak ematen jarraitu ahal izan dezan.
Une honetan, eraiki beharreko leku berrian, Ibar Nagusien Etxearentzat 280 metro koadro erabilgarri inguruko gunea erreserbatuta dago, "Ajane (Algorta) eta Urtealaiak (Andra Mari) adinekoen elkarteek beraien auzoetan duten bezala", udal-iturriek azaldu dutenez. Obrek irauten duten bitartean, eta elkarteak datorren ikasturtean bere jardueragaz jarraitzeko aukera izan dezan, erakunde horiek urtero jasotzen duten diru-laguntzagaz batera, Udalak aurrekontu-zuzkidura bat egingo du,1.500 euro/hileko gehienez, Ibar elkarteari lokal bat alokatzea izan daitekeenari aurre egiteko eta beste bat, 3.000 eurokoa, mugitzeko edota egokitzeko izan dezakeen gastua ordaintzeko, Udalak jakinarazi duenez.
Udalerriko adinekoen gainerako elkarteakaz gertatzen den bezala, aipatutako gune espezifikoaz gain, Ibar elkarteko kideek espazio horregaz batera beste udal-gune batzuk ere erabili ahal izango dituzte, bai Romoko Kultur Etxean eskuragarri daudenak (kafetegi-taberna-jantokia, gimnasioa, pintura-gela, billar-aretoa, diziplina anitzeko gelak…), bai Gobelaurre udal-boluntarioen zentroan edo beste espazio batzuetan daudenak.
Azken eskaintza hori atzo goizean aurkeztu zioten Ibar Nagusien Etxea elkartearen Batzarrari, elkarteak apirilean Udalak hasitako administrazio-prozedurari aurkeztutako alegazioetako bat onartu duela ofizialki jakinarazi ondoren. Zehazki, elkarteak argudiatu zuen ez zegoela lokalaren jabetza nahasterik, ez baitzitzaien ofizialki jakinarazi eraikina hustu behar zutela. Udalaren ustez, Ibar elkarteagaz hainbat elkarrizketa izan dira, eta bertan ekipamendu berria eraikitzeko asmoa eta beharrezko urratsak jakinarazi zaizkie. Hala ere, ez zegoen eraikina husteko errekerimendu ofizialik. Horrenbestez, indarrik gabe utzi da prozedura horri dagokion dekretua, eta atzo jakinarazi zuen, ofizialki, ekainaren 24a izango dela borondatez etxea uzteko azken eguna.
Eraikinak botatzearen kontrako iritziak
Urteotan, Lope de Vega kaleko udal-eraikinak botatzearen kontrako hamaika mobilizazio egin dituzte auzoan. Azkena, herri-galdeketa egin zuten orain gutxi, eta eraisketaren kontrako iritziak izan ziren nagusi.
Era berean, atzoko jakinarazpenaren ondoren, Elkarrekin Podemos koalizioak salatu du gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) Romo Plataformak egindako galdeketa horri entzungor egin diola eta "pena handia" dela udalerriko ondarea galtzea.
Horren aurrean, ezkerreko udal-talde horrek gogoratu du PSE-EEk bere hitza "urratu egin duela", hauteskunde kanpainan nagusien etxea eta euskaltegia hartzen duten udal-eraikinak eraistearen kontrako postura agertu baitzuen, "gaur egun EAJren segizio itsua egiten duen bitartean".