Elkarrizketak

Jon Uriarte: "Irudiekin imajinatzeko zeintzuk aukera proposa ditzakegun ikusi nahi dugu"

Ander Zarraga 2022ko eka. 10a, 10:58

Ekainaren 2an hasi eta 26ra arte egongo da martxan Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdia.

Londreseko The Photographer Gallery erakustokian egiten du lan Jon Uriarte hondarribiarrak, baina, egunotan, Getxon izango da hirugarren urtez Getxophotoko komisario-lanetan dabilelako.

Nolakoa ari da izaten aurtengo Getxophoto?

Zorionez, urte honetako Getxophoto normalagoa ari da izatena, aurreko urte bietan egon diren murrizketak desagertu baitira. Oso pozik gaude normaltasunera bueltatu ahal izan garelako, baita jarduerak normaltasunez egin ahal ditugulako.

Aurtengo leloa Imajinatu da, zergatik?

Gaur egun imajinatzea oso zaila dela dirudielako. Ematen du oso gauza utopiko edo distopikoak bakarrik imajinatzen ditugula, ez dago bestelako gauzetan pentsatzeko aukerarik. Uste dugu garrantzitsua dela horri begirada bat eskaintzea, eta irudiak horretarako tresna moduan daukaten garrantzia berebizikoa da. Irudiekin imajinatzeko zeintzuk beste aukera proposa ditzakegun ikusi nahi dugu.

"Komisarioaren lana da gaia eta leloa aukeratzea eta, hortik abiatuta, bat datozen artistak aukeratzea. Horretaz gain, instalazioetan zer eta nola erakutsiko den antolatzeaz ere arduratzen naiz. Komunikazioak eta elkarrizketak ere daramatzat, eta ekintza guzietan egoten saiatzen naiz"

Horretarako hainbat jarduera prestatu dituzue, tartean, zenbait berritasun. Baten bat nabarmenduko zenuke?

Urtero egiten ditugun hainbat jarduera mantenduko ditugu, eta beste batzuk berreskuratuko. Hainbat ekintza izango dira, ez da erraza bat aukeratzea; adibidez, teknologia oso garrantzitsua da argazkilaritzan, azken finean, makina bat behar duzu horretarako, eta mundu hori etengabe ari da aldatzen eta berritzen; horri begirada bat eskainiko diogu, bai teknologia berriei, baita tresna horiek erabiltzen dituztenei ere.

Aurten, 22 artista aukeratu dituzue, nolakoa da aukeraketa-prozesua?

Beti ibiltzen gara zenbaki horretan, lan egiteko zenbaki erosoa delako eta erakusketa guztiak ikusi ahal izateko aukera ematen duelako. Argazkilariak aukeratzeko orduan, proiektuetan pentsatzen dut argazkilarietan baino. Aukeratutako gaiekin bat datozen artistak bilatzen saiatzen gara, tartean, beti saiatzen gara inguruko artistak topatzen eta orekatua egotea gizonen eta emakumeen artean.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun