Edonondik, edonola eta doan; lagunakaz, familiagaz zein ikaskideakaz euskarazko kulturaz gozatzeko aukera eskaintzen ari da egunotan Tartean Teatroa konpainia. Izan ere, euren webgunean, azkenengo produkzioak online bidez ikusteko aukera eskaintzen ari dira, guztiz musutruk.
Eskaintzaren artean dago Olatz Ganboa aktore getxoztarra protagonista duen Simplicissimus kabaret ikuskizuna. Umorezko mugak aztertzen dituen antzezkizuna da hori; haien lana askatasun osoz egin gura izateagatik jazarpena sufritu eta sufritzen duten komikoei omenaldia. Horretarako, XX. mendeko Europako gerrarteko garaian oinarritu dira, baina kabaret moldea XXI. mendera ekarrita. Hala, musika eta antzerkia uztartzen dituzte bertan, zuzenean antzeztu, kantatu eta jotzen duten musikari-aktoreakaz.
Sinopsia
Simplicisimus XVII. mendeko Alemaniar nobela pikareskoaren izenburua da, non Hogeitamar Urtetako Gerra-ren izugarrikeriak kontatzen diren umore klabean. Gerrarteko Cabaret baten izena ere izan zen. Lan honen muina, gerrarteko hiru alemaniar komikoen bizitza ikaragarri eta ederra dira: Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink. Hiru komiko hauen historia Nazien terrore eta konzentrazio esparruekin estuki loturik dago. Baina ez dugu naziei buruzko istorio bat kontatu nahi, ez eta kontzentrazio esparruei, ez eta juduen arazoari buruzkoa. Benetako gertaera historikoen erreferentziak baztertu gabe, Simplicissimus ESPAZIO eta DENBORAren mugak gainditzen ditu. Ez ditugu gertaerak kontatu nahi iraganeko pasadizoa bailiran, berriro gertatu daitekeen zerbait bezala baizik.
Taldea
- Egilea: Patxo Telleria
- Dramaturgia: Patxo Telleria
- Zuzendaritza: Patxo Telleria eta Jokin Oregi
- Aktoreak: Patxo Telleria, Olatz Ganboa eta Getari Etxegarai
- Musikaria: Adrián Garcia de los Ojos
- Jantziak eta Eszenografia: Ikerne Giménez
- Musika egilea: Adrián Garcia de los Ojos
- Argiztapena: David Rodríguez
- Diseinu grafikoa: Paradox
- Ekoizpena: Tartean Teatroa
- Koekoizpena: Barakaldo Antzokia
- Ekoizpen Exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo y Myriam Garzia