Getxori kaleko arte eszenikoen jaialdi bat falta zitzaion?
Badago Kale Antzerkia Bultzatuz familia osoarentzako jaialdia; aurten, urriaren 7tik 12ra izango da, eta musika, antzerkia, dantza eta zirkua eskainiko doguz kalean bertan. Horretaz gain, aipatu beharra dago jazz eta folk jaialdien doako programazioa aire zabalean ere egingo dela, Kultur Etxeko beste programa batzuk ahaztu gabe. Kalefesti dagokionez, herritarrek beren-beregi ez dute eskatu arte eszenikoen jaialdi baten beharrizana, baizik eta kaleko ekitaldiak antolatzea, gazteei zuzendutako ikuskizunak eskaintzea eta euskarazko kultura sustatzea. Hiru ardatz horiek uztartzen dituen programa antolatu dogu.
Nolakoa ari da izaten da publikoaren erantzuna?
Momentuz, apurka-apurka doa, eguraldiak baimentzen deuskun neurrian, azken asteotan ez dogu lagun eduki-eta. Jaialdiak urrira arte iraungo dau, beraz, ez da behin betiko ondorioak ateratzeko momentua. Hala ere, hurbildu diranak, publikoa, konpainiak eta artistak oso gustura egon dirala jakinarazi deuskue, eta eskertzen dabezela holango proposamenak Getxon egotea.
Nolakoa izan da lehen jaialdiaren planteamendua?
Maiatzaren azken asteburuan hasi eta urriaren 15ean eukiko dogu azken ekitaldia. Planteamendua, izatez, eguraldia lagun, Kultur Etxearen ohiko programazioa kaleko ikuskizunekin osatzea zan. Esate baterako, uztailaren 8an zirkua izango dogu Areetako Eskoletako plazan, eta horretaz gain, uztailean zinema izango dogu hainbat lekutan. Helburuetaz bagabilz, orain arte azaldutakoari beste irizpide bi gehitu beharko geuntsazan: diziplina artistikoen aniztasuna sustatzea (dantza, antzerkia, zirkua, zinema…) eta kultur programaziorik egunerokatasunean ez daukien lekuak kultur gune barriak sortzea.
Zein motatako ikuskizunak eta artistak aukeratu dituzue?
Jaialdiaren ildo nagusietako bat, herritarrengatik hala jasota, kultura euskararen arnasgune bezala ulertzea zan, horregatik, Kalefesten egitaraua osatzeko orduan konpainia euskaldunen alde egin genuen. EAE osoko konpainiak edukiko doguz gure artean, tartean, artista eta sektore kulturaleko getxoztarrak be, esaterako, Iñigo Iraultzaren Rotonda Circus edo Ines Bermejoren Ertza... Bestetik, gazteen kezka eta jakin-minei erantzun diezaieketen obrak hautatzea izan da irizpideetako bat, arte eszenikoen diziplina oro batuz: dantza, antzerkia, zirkua...
Geratzeko etorri da Kalefest?
2021eko parte-hartze izaerako aurrekontuetatik ateratako kultur egitasmoa dogu Kalefest. Getxoko Kultur Etxetik eskerrak emon gura deutsagu getxoztarrei kultura, kaleko bizitza eta aisialdia berpiztu eta euskararen erabilera sustatzeko katalizatzailea izan daitekeelakoan adieraztegatik. Edozelan ere, Kalefest edo bestelako egitasmoetan, Kultur Etxetik, zerbitzu publiko izanda, herritarren proposamenei aktiboki entzuten jarraituko dogu.